Komunikazioa

EITBk eta Eusko Jaurlaritzak 2012ko programa kontratua sinatu dute

Urte baterako kontratua egin dute; Eusko Jaurlaritzak iaz baino %8,4 laguntza gutxiago emango dio EITBri

Blanca Urgell eta Alberto Surio, atzo, kontratua sinatzen BERRIA.
Donostia
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Lehen izaten ziren lau urteko kontratuen ordez, urtebeterako akordioa sinatu dute Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak eta Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak. Izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioz, zailagoa da hurrengo urteetako diru sarrerak aurreikustea.Helburu nagusiak Jaurlaritzaren eta EITBren arteko harremana eta EITBren finantzaketa arautzea dira. Jaurlaritzak bere gain hartuko du erakunde publikoaren gastuak konpentsatzeko konpromisoa: 132 milioi euro emango ditu, iaz baino %8,4 gutxiago. 124 milioi EITBren diru sarreren eta gastuen arteko aldea orekatzeko izango dira —publizitatearen salmentatik eta bestelako kudeaketetatik lortzen ditu diru sarrerak—; gainerako 8 milioiak inbertsioak finantzatzeko izango dira.

Kontratu berriarekin zerbitzu publikoa aldatuko da; kulturaren ikuspegi bakarraren ordez, «aniztasuna eta errealitate ezberdinak» aitortuko dituzte. Horrez gain, sentiberatasun berezia izango dute «balio demokratikoekin». Adierazle «errealagoak eta neurgarriagoak» ezarri nahi dituzte, Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak errazago ikus dezaten kontratua betetzen den. Kontratu berriak irrati eta telebisten kopurua mugatzen du. Bestalde, erakundea goi bereizmenerako prestatzen du eta pantaila askotariko egokitzapena bultzatzen du, hala nola telebista, ordenagailua, tableta eta sakelako telefonoak.

EITBk honako helburu hauek lortu nahi ditu: «Zerbitzu unibertsala eskaintzea; telebista, irrati eta Interneteko plataformak edukitzea; kalitatezko edukiak eskaintzea; ikus-entzuleen maila egokia lortzea; euskal gizarteari komunikaziorako eta partaidetzarako gunea eskaintzea; euskal gizartea egituratzen laguntzea; Euskadik atzerrian duen irudia indartzea, eta euskal ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzea, aberastasuna sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.