Komunikazioa

EITBk Sorturi zer informazio trataera eman aztertuko dute legebiltzarrean

Legeztatzearen inguruko iritziak ezkutatzea zentsura dela dio behin behineko Erredakzio Kontseiluak

urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Astelehenean EITBko komunikabideetan Sortu alderdi berriari zer informazio trataera eman behar zaion aztertuko du Eusko Legebiltzarrak, EITBko Kontrolerako Batzordeko bilkuran. Gai horri lotuta, ETBko eta Radio Euskadiko behin-behineko Erredakzio Kontseiluak eta Radio Vitoria eta Euskadi Irratiko ordezkaritzak gutun bat helarazi diote Jose Inazio Basterretxea EITBko Administrazio Kontseiluko presidenteari eta Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiari. Bertan diote ez deritzotela ondo interes politikoek EITBren informazio ildoa oztopatu eta baldintzatzeari, «bere independentziari kalte egiten diolako».

Horren aurrean eskaera argia egin diote EITBko zuzendaritzari: «Informazioaren trataeran irizpide profesionalak baino ez ditzala erabili, EITBren Sorrera Legean zein aldarrikatzen dugun Estatutu Profesionalean jasota dagoen bezala». Era berean, zuzendaritzari eskatzen diote aztertu dezala gertaeren garrantzia eta zenbaiterainoko oihartzuna izango duen, «albisteei neurriko zabaltasun eta sakontasuna emateko». Hala, Erredakzio Kontseiluaren iritziz, «Sortu legeztatzearen inguruko gertaera, ahots eta iritziak ezkutatu edo gutxiesteko saiakera oro zentsura edo manipullazioa baino ez dira».

Alderdien zuzenketak

UPD alderdiak legez besteko proposamena eramango du etzi, «EITBk terroristei eta legez kanpoko erakundeei edo beraien ordezkari direnei espaziorik ez emateko» eskatuz. Proposamen horren gaineko zuzenketak sartu dituzte alderdiek. PPren zuzenketak dio Batasuna eta legez kanpoko taldeetako ordezkariak elkarrizketa, eztabaida eta tertulietan egotea galarazi beharko lukeela EITBko zuzendari nagusiak. PSEk EITBko zuzendaritzaren lana errekonozitzen du, «ETArekin elkar adituta dauden aukera politikoetan izan duen tratamendu informatiboaren aldaketan». Halaber, «gaurkotasun informatiboari profesionaltasunez jarraitu dio EITBk, legez kanpoko aukerak eta indar legitimoak parekatzea saihestuz». EAJren osoko zuzenketak, berriz, horrela dio: «Eusko Legebiltzarrak EITBri eskatzen dio bere informazio zerbitzuen jarduera gida dadila informazioen egiazkotasun, objektibotasun, aniztasun eta inpar- tzialtasun printzipioetatik». Bilkuran Alberto Suriok eta Blanca Urgellek hainbat galdera erantzun beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.