EITBko zuzendaritzak erredakzioaren estatutuaren zirriborroa aurkeztu zion joan den astean administrazio kontseiluari. Orain, administrazio kontseiluaren lan batzordeak aztertuko du testua, eta, ondoren, edukiaren inguruko txostena idatziko dute.
Asteazken honetan, berriz,BERRIAk erreportaje bat argitaratu zuen erredakzioaren estatutua eta estilo liburuarekin dauden gorabeheren berri ematen. Argitaratu zen informazioaren arabera, zuzendaritzak EHUko hiru irakasleri enkargatutako estilo liburuak aurrera egingo du. Eta horren truke, EITBko zuzendaritzak erredakzioaren estatutua onartuko du.
Hori ez dela horrela argitu nahi izan dute EITBko behin-behineko erredakzio kontseiluko kideek. Egunotarako iragarri zuen Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak estilo liburuari ekarpenak egiteko parte hartze deialdia. Horren harira, honako erantzun hau eman du EITBko behin-behineko erredakzio kontseiluak: «Uste dugu badela garaia EITB taldeak albistegietarako estilo liburu bat izateko. Gure eguneroko lanean ezinbesteko tresna izan beharko luke». Hala ere, kontseilu horrek ez du parte hartu estilo liburuaren lanketan. «Eta ez dugu parte hartuko ere, harik eta estatutuak onartu eta erredakzio kontseilua izendatu arte». Erredakzioaren estatutuaren gainean duten oinarrirako akordioaren arabera, erredakzio kontseiluei edo euren bitartez izendatutako erredakzioko ordezkariei dagokie estilo liburuaren eztabaidan parte hartzea.
Urtebete baino gehiago da EITBko zuzendaritzak EHUko hiru irakasleri agindu ziela estilo liburuaren lanketa: Mari Jose Cantalapiedra, Begoña Zalbide eta Rosa Martin. Enkargua hiru irakasleri egin izana ez zuten begi onez ikusi irrati eta telebista publikoko kazetari askok. Eta gaur egun ere desadostasunak daude gaiaren inguruan.
EITBko behin-behineko erredakzio kontseiluaren ustez, estilo liburuaren testuak hainbat alorretako adituen parte hartzea beharko luke, «gizartearen aniztasuna egoki islatzeko». Kontseiluarentzat estilo liburua izatea garrantzitsua den arren, bizi luzea izan dezan baldintza batzuk bete behar ditu: «Esparru politiko osoaren bultzada ere behar duela deritzogu. Estilo liburuak denboran irauteko helburua izan behar du, eta ez unean uneko gehiengo politikoaren neurrikoa izan».
Baldintzei eta prozedurari begira, azken zehaztapena egin nahi du EITBko behin-behineko erredakzio kontseiluak: «Gure ustez ez da unea, ezta prozedura ere, estilo liburuaren proiektu hori egiteko, aipaturiko baldintzak betetzen ez diren bitartean».
Azkeneko egunetan ETBko kazetari batzuek idatzizko kritikak egin dizkiote EITBko behin-behineko erredakzio kontseiluari zuzendaritzarekin izandako negoziazioak «iluntasunez eta gardentasunik gabe» egitea leporatuz. Kontseilu horren asmoa «diskrezioa» izan dela erantzun dute. Eta arestian azaldutako iritziekin erantzun diete orain erredakzioko kazetariei.
«Informazio neutroa»
EHUko hiru irakaslek landu duten estilo liburuaren zirriborroak gertakarien balorazioa ez egiteko eta informazio neutroa emateko eskatzen du, iritzirik gabekoa izan dadila, alegia. Errugabetasun eskakizuna kontuan hartzea, eta kontakizun kontrastatu eta orekatuak eskatzen ditu testuak. «EITBko profesionalek herritarrek egia ezagut dezaten bitarteko izan behar dute», jasotzen du artikulu batek. Halaber, kazetariei onartzen zaie komunikazioaren printzipio etikoaren aurka doazen informazioetan ez parte hartzeko aukera. Eta horrek ez lieke zigorrik edo kalterik ekarriko.
Komunikazioa
EITBko erredakzio kontseilua: «Bada garaia estilo liburu bat izateko»
Testuak hainbat arlotako adituen parte hartzea behar duela diote, aniztasuna egoki islatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu