Komunikazioa

EITBko langileen elkarretaratzeak, «zuzendaritzaren nora eza» salatzeko

Langileek salatu dute EITBko zuzendaritzak ez dakiela zein irrati-telebista eredu bultzatu nahi duen

EITBko langileen elkarretaratzea, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Komunikabide publikoak duen egoera larria» salatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu aste honetan ETBko langile batzordeak. Langileak Bilboko egoitzaren aurrean bildu ziren herenegun eta atzo, eta gaur ere egingo dute elkarretaratze bat, EITBk bizirik behar du leloko pankarta batekin.

Andoni Basabe ETBko langile batzordeko lehendakariak dioenez, langileek argi dute arriskuan EITB bera dagoela: «Hori ikusita hasi gara mobilizazioekin. Uste dugu modu serio batean hartu behar dela EITB zer den eta zer egin nahi den».

Hauteskunde kanpaina baliatu dute langileek, EITBko egoitzetara joan diren hautagaiei ohar bat emateko. EITBko Zuzendaritza nora ezean dabil izenburua du oharrak, eta bertan salatzen dute zuzendaritzak ez dakiela zein telebista eta irrati eredu bultzatu nahi duen.

Andoni Basaberen iritziz, argi dago PSEk eta PPk EITB ahuldu egin nahi dutela: «Nafarroan gertatzen ari dena ikusi beharrik ez dago. 2009an Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek akordio bat sinatu zuten Nafarroan ETB ikusi ahal izateko. Bi urte eta erdi joan dira, eta gaur da eguna hori ez dagoela garatuta. Horrela jarraituta, ETB Nafarroan desagertzera doa. Eta enpresa batek bere bezeroen laurdenak galduko dituela onartzea oso larria da».

Datorren asteartean, EITBko langileen ordezkariak elkartu egingo dira, eta bileran erabakiko dute aurrera begira zer beste mobilizazio egingo dituzten. «Sindikatuon asmoa aurrera jarraitzea da». Zuzendaritzak afera honetan ez duela erantzunik eman azaldu du ETBko langile batzordeko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.