Denbora askoan, esaten ez denak esaten denak baino gehiago adierazten duela entzun izan dut. Aspaldian, esaera entzun gabe nengoen, eta astezken gauean aditu nion Anjel Lertxundiri Hamaika telebistan eman zuten elkarrizketa batean. Ez zen, ordea, eguneko elkarrizketa bakarra izan. Goizean goiz, Radio Euskadin, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia elkarrizketatu zuten. Hamabost minutu inguru solasean aritu ziren elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua. Lasai, soseguz, patxadan, presiorik gabe, lagunartean baleude bezala. Donostiak 2016rako jaso berri duen izendapenetik hasi, EITBtik pasa eta azken hauteskundeen emaitzetaraino joan ziren, giro onean. Eta hiru atal horietan, unean bertan ohartu ez banintzen ere, esan gabekoek esandakoek baino garrantzi handiagoa dutela iruditzen zait. Kasu honetan, dena den, hizlariaren aurka joan zen esapidearen indarra. Hala iradokitzen badu ere, egoera ez ona.
Entzungor egin zieten elkarrizketatzaileak eta elkarrizketatuak azken bi urtean hedabide publikoaren egoitzan eta handik kanpo pil-pilean izan diren hainbat gairi. Eta, hala egin ez zuten kasuetan, gaiak zeharka hartu zituzten, pintzaz, borroka saihestuz, alde batzuk bakarrik erakutsiz. Gaiak eurak hala mahai gaineratu zituzten, eta erantzunak zer esanik ez. Karguan daramatzan azken bi urteetako balorazioa eskatu eta «ekaitz perfektu bat» iragan duela adierazi zuen, dagoeneko joan den «ekaitz perfektua». Inoiz izan den aldaketa teknologikorik handienari —telebista analogikotik digitalerako jauzia— azkenaldiko krisialdirik bortitzena gehitu zion. Hein batean, egiazkoak dira bi gertakari horiek, ez naiz ukatzen hasiko. Ordea, EITB hizpide izan dugunoi eta ikus-entzule gisa bizkarra eman diotenei, gehienei behintzat, bestelako ekaitzaldi bat bizi izan duela iruditzen zaigu. Busti duten lainoetako batzuek bera iritsi baino lehenagokoak ziren; beste batzuek, bera buru duen lantaldeak eraginak. Lan eskubideak, diruaren banaketa desegokia, gauza batzuen gutxiestea, erabilera politikoa, langileei egindako presioak, inbertsiorik eza, programazio urria eta desegokia eta bestelako hamaika gai lehertu zaizkie, unean unean, muturren aurrean. Horiei buruz, noski, txintik ere ez. Eta langile denak fokua desbideratu eta lanean utz ditzagun zain ei daude.
Ea eredu bera den.
Komunikazioa. Ekografiak
Ekaitz perfektua (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu