Komunikazioa

EKEk dio duela 25 urte saiatu zela Kazetarien Euskal Elkargoa sortzen

Zabalik dago zuzenketak egiteko epea, eta batzorde txostengile bat eratuko da; onartu egin beharko du Eusko Legebiltzarrak

Euskal Kazetarien Elkarteko kideek bilera irekia egin zuten ostegunean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Apirilaren 25ean, Kazetarien Euskal Elkargoa sortzeko lehen pausoa eman zuen Eusko Legebiltzarrak. PSEk, PPk, IUk eta UPDk egindako lege proposamena aintzat hartu zuen Eusko Legebiltzarrak, alderdi horien aldeko botoekin. Orain, zuzenketak jasotzeko epea zabalik dago; batzorde txostengile bat eratuko dute zuzenketak aztertzeko. Azken pausoa, berriz, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak legea onartzea izango litzateke. Legegintzaldia amaitu baino lehen gerta daiteke hori.

Euskal Kazetarien Elkartean (EKE) biltzen diren kazetariek proposatu dute elkargoa sortzea. «Kazetarion aspaldiko asmo bat da hau. Duela 25 bat urte, elkartea saiatu zen elkargoa eratzen, baina proiektua bertan behera geratu zen», adierazi diote BERRIAri EKEko ordezkariek. «Pozik hartu dugu orain Eusko Legebiltzarrean jasotako babesa».

Elkargo horretan, kazetaritzan eta ikus-entzunezko komunikabideetan lizentziatuak direnak sartu ahal izango lirateke, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnak edo bertako komunikabideetarako lan egiten dutenak. «Eusko Legebiltzarrak onartutako elkargoak sortzeko legearen arabera, derrigorrezkoa da lizentziaduna izatea. Dena dela, legeak argi eta garbi uzten du ez dela beharrezkoa kide izatea komunikabideetan lan egin ahal izateko», diote EKEko ordezkariek. Euskarazko komunikabideetan ari diren kazetari eta arduradunek ez dute jaso gaiaren inguruko proposamen ofizialik azkeneko asteetan, eta horren zergatiaren inguruan honako hau erantzun dute: «Gure elkartearen egitasmo bat da, eta, ez bakarrik kasu honetan, beste guztietan bezala, zabaltzen ditugun ohar guztiak komunikabide eta agentzia guztietara bidaltzen ditugu».

Apirilaren 25ean Eusko Legebiltzarrean izan zen eztabaidan, EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak salatu zuen tramite legalak saihesteko eraman duela EKEk gaia legebiltzarrera. «Zalantza juridikoak» nabarmendu zituen. EKEk dio prozesuaren hasieran Eusko Legebiltzarreko talde guztietako legebiltzarkideekin bildu zirela. «Gure iritziz, elkargoa sortzeko legea Parlamentuak onartu behar du, eta ahalik eta boto gehienekin. Hau da, lege proposamenaren bidea aukeratu genuen. Luke Uribe-Etxeberriarekin hitz egin genuenean, esan zigun bere taldearentzat aproposagoa zela lege proiektua lege proposamena baino. Guretzat, harrigarria da parlamentari batek Eusko Legebiltzarraren ziurtasun juridikoan mesfidantza izatea».

Lan egoeraren garrantzia

Ostegunean, Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, EKEk bilkura ireki bat egin zuen Bilbon. Besteak beste, kazetarien lan egoeraren inguruko erreibindikazio eta egitasmoen inguruan informazio trukea egiteko antolatu zuen elkarteak bilkura.«Kazetariok ditugun lan egoerek garrantzi handia dute behin-behineko informazioetan, eta hori da gure kezkarik handienetako bat. Bestalde, formazioan eta birziklatzean ahaleginak egin ditugu, egiten ditugu eta egingo ditugu».

EKEk dio adierazpen askatasuna dela bere aldarrikapenetako bat. Askatasuna ukatua dute, ordea, espetxean dauden Egin egunkariko bederatzi kidek, tartean Jabier Salutregi zuzendari ohiak eta Teresa Toda zuzendariordeak. Egoera horren inguruan EKEk salaketa egiten duen galdetu dio BERRIAk, eta honako erantzun hau jaso du: «Elkarte honek ez ditu defendatzen kazetariak kazetari izateagatik; geurea ez da korporatibismo hutsa. Kazetariak defendatzen ditugu haien lana egiteagatik inputatu edota epaitzen dituztenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.