Istanbuletik abiatu zen, bere hiri gustukoenetakoa, hiru kultura desberdin dituelako, Ekialdeko atea delako. Horregatik izan da lau aldiz bertan. Kapadoziara eta Siriara joan zen handik. Sirian tenpluak, gazteluak eta interesatzen zitzaizkion gauzak ikusi ondoren Beirutera joan zen, Libanon. Han egoera tentsoa aurkitu zuen, kontrol eta polizia asko kalean, bonbardatutako etxeak, manifestazioak... «Baina nahiko lasai zegoen. Orain okerrago dago», dio. Jordania turistikoa bisitatu zuen gero: Petra, Itsaso Hila eta Wadi Rum basamortua. Handik Egiptora joan zen, berriro piramideak ikustera («bizitzan ikusi dudan gauza politenetakoa») eta gero trenez Abu Simbelera, «itzultzea merezi duen beste mirari bat».
Egiptotik Sudanera ferryz joan zen eta abentura hor hasi zela dio Rojok: «Txartelik ez zegoen eta horretan oso zorrotzak dira han. Kaian zazpi ordu 45 gradutan itxoiten egon ondoren lortu nuen txartela, batzuk itzuli egin zutelako». Sudanen sartu zen iparraldetik, Nubiako basamortu, nahiko ezezaguna eta kultura berezikoa. Khartumera bi etapatan iritsi zen oso gogorra delako garraio publikoan: ordu asko, lau zulatu, seiren lekuan hamar lagun, hondarrez bete motxila, botila, arnasa... «Zer egiten dut nik hemen?» galdetzen omen zion bere buruari.
DERBITXEEN ZEREMONIA. Hala ere, Khartumen esperientzia polita izan zuen, «bidaiako fantastikoena»: azken egunean derbitxeen zeremonia ikusi zuen Ombdurman auzo historikoan. Hala azaltzen du: «Ez da Turkiakoa bezalakoa. Zeremonia erlijiosoa mausoleo baten aurrean egiten da, hondar zelai batean lau musikari jotzen, Alari abesten eta denak dantzan ari dira. Batzuk trantzean sartzen dira: zutabe batera igo eta builaka hasi, saltoka hasi, zirkuluan korrika ibili gelditu gabe... eta korroa belaunak mugituz aurrera eta atzera». Leopardo larruekin zihoazen batzuk jantzita, bufoiez, kolorezko jantziekin, kaliza moduko batekin intsentsua botaz denak purifikatzeko, dena «oso mistikoa». Xaman gisako bat ere bazen. Ekitaldia ostiralerako egiten dute auzo horretan eguzkia sartu aurretik.
Hegoaldera jarraituz, Etiopian 2000. urte hasierako ospakizunak ezagutzeko aukera izan zuen juliotar egutegia dutelako, Erdi Arokoa. Gonda hiri turistikoan, iparraldean, ikusi zituen.
Herri horretan bertan bertsolarien antzeko batzuk ikusi zituen. «Lagun batek gau klub batera joateko esaten zidan, oso turistikoa iruditzen zitzaidan, baina azkenean joan eta haien taberna tradizionalak zirela ikusi nuen. Neska bat bertsotan ari zen biolinaren eta tinbalen laguntzaz eta denek barrez eta bertsotan erantzuten zioten», oroitzen du.
Handik Somalilandiara joan zen, Djibutik eta Etiopiak bakarrik onartzen duten herrialde independentera. Ordu arte ez zekien. Ofizialki Somaliako zati bat da, iparraldean, eta Somaliaren hizkuntza eta kultura ditu, baina gerraren ondoren independente moduan funtzionatzen du. Diru guztia itsasotik iristen zaio, Arabiar Emirerri Batuetatik, bere probintzia bezalakoa da. Ia ez du bisitaririk eta lasai ibili ziren. Handik ateratzerakoan bizkarzainak jarri nahi zizkieten -hegoaldea arriskutsua da-, eta lortu zuten bakean uztea, baina laugarren kontrolean jarri ziezkieten, nahiz eta ordaindu gabe izan. «Komisaldegiak Marx anaien kamarotea ematen zuen: jende asko, denak hizketan...».
Etiopiara itzuliz, Chamo lakuan bidaiako une larrienak bizi izan zituen bidaiari tolosarrak, «hiltzeko beldurra» izan arte. Txalupa batean zihoazen, eta haizearekin olatuak altxatu ziren. Une hori baino lehenago hipopotamoak han zebiltzala ikusi zuten, baina beren kontura, lasai. Haizeak txalupa gaineko burnizko estalkia bota egin zuen, eta txalupa bera ere balantzaka jarri zuen, urperatzeko arriskuan. «Egoera menperatu genuenean hipopotamo bat guregana zuzenean zetorrela ikusi genuen. Inoiz ez dut hainbeste beldur izan. Gero eta gertuago zegoen. Halako batean etiopiarrak makil batekin txalupa kolpatzen hasi ziren, hipopotamoa ikaratu egin zen, ahoa ireki, buelta eman eta alde egin zuen», kontatzen du Rojok.
Hipopotamoa, bufaloarekin batera, Afrikako animaliarik arriskutsuena da, heriotza gehien eragiten duena urtero. Bi tona pisatzen du. «Aintzira horretan egunero bisitariak izaten dira. Horretaz bizi dira. Haizea hala altxatzea ez zela normala esan ziguten gero».
KENYARA. Etiopia hegoaldetik Kenya aldera beste 30 orduko bidaia egin zuen, kamioi batean. Sifta lurraldea da, basamortua, eta gero jakin zuen Osama Bin Ladenen oso lagunak direla. «Mikel Essery eta beste lagun bat hil zutela kontatu eta oso ondo egina zegoela erantzun zidaten. Eztabaida txiki bat izan genuen Al Kaedaz», dio.
Mombasan, Kenyako kostaldean, hartu zuen hotelean bertan lapurtu egin zioten motxila, barruan zegoen guztiarekin: argazki ekipoa, telefono mugikorra, botikak, ordularia... «Ordu erdia atera hoteleko kafetegira eta gelara igo nintzenerako lapurtu zidaten. Oso azkar ibili ziren. Aterata nituen 6.000 argazkietatik 4.000ren kopiak etxera bidaliak nituen ordurako. Falta zaizkidan 2.000 argazki horiek kamararenak baino min handiagoa ematen didate», aipatzen du. Ondorengo egunetan Malawiko aintzira zeharkatu zuen ferriz iparraldetik hegoaldera, leku ederra eta lapurreta ahazteko ondo etorri zitzaion atsedena.
Zimbawen ere izan zuen istilu bat: atxilotu egin zuten tolosarra. «Lapurretaren ondoren, kamara txiki bat erosi nuen Tanzanian, eta autobus geltokian argazkiak ateratzea ilegala zela esan zidan poliziak. Geltokian nintzen, eta komisaldegira joateko esan zidaten. Nik ezetz. Denbora asko eztabaidan pasatu ondoren, azkenean nire autobusa hartu eta zuzenean komisaldegira eraman zuten. Dirua nahi zutela uste dut. Lehen komisaldegian tratu ez duina jaso nuen. Bigarrenean berriz, hobea izan nuen, eta beren gainetik jarri nintzen argazkiak borra zitezkeela esanez. Libre atera nintzen ezer ordaindu gabe». Hortik Mozambikera eta Hegoafrikara pasatu zen, handik itzuli zen etxera.
Fernando Rojo Tolosa Historialaria, irakaslea eta bidaiaria
«Zure egoera emozionalak zuzenean eragiten du bidaian»
J. SAIZARZarauzko Ikastolan ari da irakasle lanetan Fernando Rojo Tolosa. Bidaia luzearen balantzea egin du: une onenak eta txarrenak, ezagututako lekuak eta pertsonak, hizkuntzak, txanponak, ekarritakoak...
Nondik duzu bidaiatzeko joera?
Alde batetik Tolosan bidaia eskola handia dago, eta bestaldetik Udaberri dantzari taldean aritu naiz urte askoan, gure ilusioa beti kanpora ateratzea zen, eta horrek bidaiarako izpiritua sartu zidan.
Zergatik aukeratu duzu Afrika?
Afrika sakonago ezagutu nahi nuen. XIX. mendean kolonialista britaniar batek Lurmutur Hiria eta Kairo lotu nahi zituen tranbia batez. Hori izan da nire ibilbidearen zati bat. Bestalde, Ekialde Hurbilak, bere gatazka politikoak eta historiak ere erakartzen nau eta biak lotzea erabaki nuen. Istanbul-Kairo lehen etapa gisa eta handik Johannesburgora bigarren etapa.
Zein da ikusi duzun lekurik bereziena?
Etiopia. Sudan ere bai, bertan bakarrik zaudelako. Gero Zimbaweere ondo dago, hiri modernoak, kolonialak, turista asko joaten zen, baina orain ez, egoera politikoagatik eta ekonomikoagatik.
Eta jende jatorrena, non?
Sudanen eta Sirian dira abegikorrenak.
Zein izan dira une txarrenak?
Mombasan (Kenya) lapurtu egin zidaten, eta ondorengo lau egunetan lau istilu izan nituen: taxista batek hitzartutako prezioa baino hamar aldiz gehiago kobratu nahi zidan, Zanzibar irlara joateko txartela hartuta nuen, baina haiekin eztabaida izan eta itzuli egin nuen... Normalean pazientziarekin hartzen ditut horrelakoak, baina erreta nengoen lapurretagatik, eta nire onetik atera nintzen. Egoera emozionalak zuzenean eragiten du bidaian.
Eta une onenak?
Egun horien ondoren, beharbada lasaitu egin nintzelako. Malawikoaintzira txalupaz zeharkatu nuen, eta hondartzek Karibekoak dirudite, jendea oso jatorra da, ez beste kolonietakoak bezala...
Hainbeste eragiten al dute mugek bertako jendearengan? Hainbeste aldatzen al da herrialde batetik bestera?
Ez, normalean ez, baina Etiopiako jendea, adibidez, desberdina da, kolonia izan ez den herrialde bakarra delako Afrikan. Eta Sudango jendea ere berezia da. Kolonia izan zen, baina oso islamikoa da, etengabeko gerran bizi izan dira, eta, ondorioz, bertakoak oso bereziak dira. Mozambiken ere desberdinak dira, latinoagoak, Portugalen kolonia izan baitzen. Beste herrialdeetan antzekoak dira, baina tribuen arteko desberdintasun batzuk nabari dira, fisikoan, izaeran gorputzean...
Segurtasunaren aldetik, nolakoak dira ezagutu dituzuen herrialdeak?
Normalen hiriburuetan gauez hotelean gelditu behar duzu. Dar es Salaamen (Tanzania), adibidez, dirurik ez nuen afaria eta hotela ordaintzeko, eta 200 metrotara zegoen kutxazainera joateko taxia hartzeko esaten zidaten. Azkenean, fidatu ziren, eta hurrengo egunean ordaindu nuen. Hegoafrika beste kontu bat. Ez joateko gomendatzen dudan hiri bakarra Johannesburgo da. Han lapurretak bakarrik ez, han tiroak izaten dira, bortxakeria antolatuta dago. Lurmutur Hiria lasaiagoa da, baina ezin da gauez lasai atera.
Zein da lurralderik garestiena?
Botswana. Egun batean, sartu nintzen safari batera. Namibia eta Botswana oso garestiak dira, ezin da motxilero bezala ibili herrialde horietan. 30-40 dolar kobratzen dute hotelik merkeenean. Hala ere egun bat edo beste egotea badago. Etiopian berriz, 10 dolarrekin eguna egiten duzu, jan, lo eta dena, eta sobratzen zaizu, 8 euro dira.
Gehien harritu zaituena?
Niloko kataratak. Victoriakoak ez nituen ondo ikusi ez zelako euri garaia. Eta gero nire bizitzan ikusi dudan gauzarik harrigarriena derbitxeen festa izan da, jendea trantzean ikustea, bueltaka, korrika eta jauzika. Edo bestela antzerkia ondo egiten zuten. Turkiakoa ezagutzen nuen, baina desberdina zen.
Esperientzia bereziren bat?
Libanon Hezbolako jendearekin egoteko eta bere ideologia eta helburua ezagutzeko aukera izan nuen.
Nolako bidaiariak topatu dituzu?
Jendeak egiten du une politak izatea. Beste bidaiariekin bidaiatu dut ia beti. Denetatik topatzen duzu. Oso jende berezia. Niregatik gauza bera esango dute. Lau urte bidaiatzen daraman taiwandar bat ezagutu nuen. Dirua gastatutakoan ez zekien nora joan, familiarekin harreman txarra eta sustrairik ez zuelako. Beste batek coffeeman deitzen zion bere buruari, eta kafe lekuak bakarrik bisitatzen ditu mundu osoan zehar. Hego korearra da. Australiar bat gobernuaren laguntzarekin zebilen. Alemaniar asko, finlandiar bat, ipar amerikarrak bidaia osoan topatu ditut.
Blog bat izan duzu BERRIAn, eta beste zenbait komunikabidetan zure bizipenak azaldu dituzu bidaiaren berri emanez.
Bai, Bertsolari eta Zazpika aldizkarietan bidaiako zenbait pasarte argitaratuko ditut. Ibili naizen lekuetan kazetariak ez dituzte ikusi nahi. Horregatik inoiz ez dut esaten kazetaria naizenik. Behin eta berriz galdetu izan didate kazetaria naizen.
Somalilandian beren egoera berezia ezagutzera eman nahi dute munduaren aurrean. Horretarako kazetariak behar dituztela esaten nien.
«Tanzanian autobus geltokian argazkiak ateratzea ilegala zela esan eta atxilotu egin ninduten»
fernando rojo
bidaiaria