30 urte 10 mugarri leloa aukeratu du Andoaingo Udalak aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza sarietarako, eta hainbat berritasun iragarri ditu. Izan ere, sari banaketa berezia izango da aurtengoa. Rikardo Arregi sariak 30. aldiz banatuko dituzte, eta, horrez gain, 50 urte beteko dira datorren urtean Rikardo Arregi kazetaria hil zenetik.
Bi urteurrenen gertutasuna baliatu du Andoaingo Udalak atzera begira jarri eta, Arregi hil zenetik, azken 50 urteotan euskarazko kazetaritzaren garapenean funtsezko izan diren hamar proiektu saritzeko. "Euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar eragile sarituko dira, euskarazko kazetaritzak egin duen aurrerabide itzelean protagonista nagusi izan direnak. Beraz, ez da izango ohiko edizio bat, kazetaritzako eta komunikazio munduko azken urtean izan diren lanik onenak sarituko ditu". Sarituek Xabier Laka eskultorearen lan bat jasoko dute, bereziki aurtengo ekitaldirako eginikoa.
Ekitaldia ere berezia izango dela iragarri dute antolatzaileek. Sari banaketaz gain, Zubi lana dokumentalaren aurrerapen laburra eskainiko dute. EITBk eta On Time ekoizetxeak azken 50 urteetan euskarazko kazetaritzak izan duen garapenari buruzko lana da.
Ekitaldira joango direnek dokumentalaren ale bat eta saritutako hamar proiektuen gaineko liburuxka bat jasoko dituzte. Izena emateko epea zabalik dago. Joan nahi duenak 943-30 08 31 telefono zenbakira deitu ala [email protected] helbidera idatzi besterik ez du.