Saioa ikusi duen edonork, badaki zertaz ari naizen. Ez, ordea, ETBko zuzendaria den Miguel Angel Idigorasek. Vocento taldeko egunkari bati berriki aitortu dionez, Uyyy! programaziotik kentzeko arrazoi nagusia audientziak erantzun ez izana da. Ohi bezala, errua auzoan. Auzotarrok, baina, badakigu gabeziak gertuago daudela etxetik kaletik baino. Jakina da kirolak harrera ona duela gurean. Beraz, kirola eta umorea uztartzeko saiakeraren arrakasta ezaren gakoak umorean behar du ezinbestean.
Iragan astelehenean, adibidez, umore errazaren, topikoen eta aurreiritzien arteko nahasketa izan zen ikus-entzuleak barrezka jartzeko erabili zuten aukera. Saioaren aurrerapen gisa, Realeko Antoine Griezmann jokalari gaztea aurkeztu zuten. Kolaboratzaile batek, zerbitzari paperean, omelette gora omelette behera egin zion ongietorria Antxoni. Segidan, Juanma Lopez Iturriaga ohiko kolaboratzailea gonbidatu eta aurkeztu berri duen liburuari buruzko elkarrizketa egin zion Oscar Terol aurkezleak. Astero kolaboratzaileen mahaian esertzen dela jakinda, zaila da publizitatearen kutsua pantailatik desagerrarazten. Eta hala, Agurne Anasagasti deitu zuen Terolek. Bezperan Realak eta Athleticek jokatutako partidaren harira, Donostian izan zen erreportajea egiten. Hura aurkezteko, eta amaitzeko, bi aurkezleen arteko musua izan zen oinarria. Eskola umeen artean duen adina zentzugabekeria izan zuen. Eta publikoaren oihuen artean agertu zen Realeko jokalari gaztea. Eta minutu batzutara, Ainhoa Sanchez. Euskararen alde talde donostiarrak grabatutako iragarkiaren irudiak jarri zizkioten. Euskaraz ari zen taldekideen adarjotzeen artean. Euskarak hitz politak ere badituela, eta berarekin batera laztana eta maite zaitut hitzak errepikatzeko eskatu zion aretxabaletarrak. Eta, noski, nahi bazuen, nahi zuenean haren irakasle partikularra izateko prest zegoela gehitu. Nahikoa ez, eta Griezmann agurtuta asteroko gonbidatuak eseri ziren mahaiaren inguruan. Derbiari buruz hasi ziren. Nola ikurrina zelairatu zuten jokalariek, eta Etxe musikariak lagunduta Guk euskaraz abestu zuen Anoetak. Han hasi ziren kolaboratzaile guztiak, gehienak euskaraz mintzatzeko gai ez direnak, kantari folklorikotasunaren folklorez. Eta... barkatu, ez dut lekurik ikusitako denak testu bakarrean sartzeko.
KOMUNIKAZIOA
Ekografiak
Errua auzoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu