Alarma egoeran omen gaude larunbatetik. Hala esan ziguten albistegiek. Esaterako, ETBk hamazazpi minutu eskaini zizkion infernu honi eguerdiko albistegian. Lehen hamazazpi minutuak. Larritu egin nintzen. Izan ere, beti esan izan didate edozertarako ordena bati jarraitu behar zaiola. Aurrez pentsatzeko, eta horren arabera erabakitzeko zein pauso eman. Helburua begiztatu eta bidea egiteko hara bidean; horretarako nire helburuen abiapuntua aintzat hartuz. Baina larunbatean, alarma egoeran, helburu informatiboaren abiapuntua ez zen hain argia. Lausoa zen, aireportuen egoera bezainbat.
ETBko albistegien arabera, gure aireportuak anekdota hutsa ziren. Eta anekdotak bukaerarako uzten dira normalean. Lehenik, mamia. Eta mamia, larunbatean Madrilen zegoen. Madrileko agintariek ostiralean hasi zen deskalabruaren aurrean izandako erreakzioak, mugitutako fitxak eta hartutako jarrera ziren abiapuntua. Jarraian, Barajaserako bidaia, zuzeneko konexioan. Espainiako hiriburuko aireportua baitzen alarma egoeraren isla garbiena, gerra gune bailitzan. Ondoren iritsi ziren Loiukoa, Gasteizkoa, Hondarribikoa eta Noaingoa. Haiek, ordea, enbarazu txikiak ziren beste batzuen minarekin alderatuta. Loiuk, adibidez, bi irudi eskaintzen omen zituen: asperduraren asperduraz zeuden koru bateko kideek emandako kontzertu inprobisatua eta bidaiariak etxera joanak zirela. Larunbatekoa ez da salbuespena.
Alarma egoerarekin ala gabe, gure herria anekdota bihurtzen ari da ETBko albistegietan. Hartu papera eta arkatza eta egin kontuak. Berri garrantzitsuenen zerrendan, zenbat eskaintzen zaizkio Madrili, hango gobernuari ala oposizioari? Gutaz ari badira ere, nori ematen zaio hitza? Asteburuko kaosean, militarrena izan zen argazki deigarriena. Jakina, hiztegira jo dut alarma egoeraren definizioaren bila: salbuespen egoera, gizarteko demokratikoan botereen normaltasuna berrezartzeko erabiltzen dena. Poztu egin nintzen, militarren autoak eta txapelak ikusita. Ziur, nioen neure kautan, Patxi Lopezek Euskararen Nazioarteko Egunean irakurritako adierazpen instituzional lotsagarriak mugiarazi dituela; ala bezperan Iruñeko Donibane auzoan poliziak eragindako sarraskiak... Horiek ez omen dira alarma egoera, ezta gure herrian gertatzen dena erakutsi behar luketen albistegietan ere.
KOMUNIKAZIOA
Ekografiak
Alarmaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu