‘El Conquistador’-en inoiz gehien ikusitakoa izan da

Hamazazpi urtean izandako ikusle daturik onenak izan ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %38,1. Nahia Valentzia izan da garaile

Finalaren une bat. ETB
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 6a
16:20
Entzun

Marka guztiak gainditu ditu El Conquistador del Caribe saioak aurten. Sei hilabeteko abenturaren ostean, atzo izan zen finala, eta, Julian Iantzi aurkezlearen gidaritzapean, zuzenean eman zuten saioa EITBko Donostiako egoitzatik. Ikusmin handia sortu zuen azken jokoak ikusleen artean, eta hala erakutsi dute datuek: %38,1eko ikusle kuota lortu zuen finalak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hamazazpi urtean saioak lortu duen ehunekorik altuena izan da.

Urte osoan ere bide bertsutik ibili da: inoizko daturik onenak izan ditu aurten, eta, 26 astez jarraian, gehien ikusi den saioa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Batez beste, %26,3ko ikusle kuota izan du. El Conquistador-en finalari esker, ETB2 eguneko katerik ikusiena izan zen atzo, %19,4ko ikusle kuotarekin. Azken hamahiru urteetako daturik onena izan du. Arratsaldeko zortzietan hasi zen programazio berezia, finalisten zuzeneko iritsierarekin, eta gaueko albistegien ostean jarraitu zuen finalak.
Telebistan ez ezik, sare sozialetan ere eman zuen zeresana saioaren amaierak. Twitterren lehen postuan izan zen, #conquisfinal traolaren bitartez.

Valentziarentzat ikurrina
Bost partaide aritu ziren ikurrina eskuratzeko lehian: Aitor Acebo, Asier Urzelai Binbi, Jon Zabaleta Beko, Mikel Yanci eta Nahia Valentzia. Igerian, arraunean, urpean eta tirolinan aritu behar izan ziren garaipena lortzeko, eta Nahia Valentzia izan zen azkarrena. Iruñera eraman du ikurrina, eta 20.000 euroko saria. Saioan izan den laugarren emakume irabazlea izan da Valentzia.
Aurtengo finala pandemiaren eraginez baldintzaturik egon da, eta, beste hainbat jardueraren antzera, ezohikoa izan da. Urtez urte, abenturaren azken egunean jokatu izan da azken proba, etenik egin gabe. Oraingoan, berriz, parte hartzaileak etxera itzuli behar izan ziren, koronabirusa zela eta. Sei hilabeteren ostean joan ziren bueltan Dominikar Errepublikara, eta orduan jokatu ahal izan zuten finala.
Abentura atzo bukatu bazen ere, saioak bihar eskainiko du azken emanaldia. Publikoaren faboritoa hautatzeko zuzeneko saioa izango da 22:30ean EITB2n, eta zazpi parte hartzaile izango dira lehian. Aurreko saioetan bezala, ikusleen esku egongo da gustukoen izan duten abenturazalea aukeratzea. Julian Iantzik aurkeztuko du saioa.
Azken saioa amaituta, datorrena prestatzen dabil lantaldea. Uztailaren 12an hasiko dira hautaprobak, eta 23ra bitarte izango da aurkezteko aukera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurrez aurreko probetarako ordua eskatu beharko da, baina online egiteko aukera ere izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.