ELIKADURA. Baserritarrak behar ditugu!

Pedro Alberdi
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Donostian bizi naiz, etaBasherri talde batean parte hartu nahiko nuke; egia al da baserritarren eskasia dagoela?



Gauza jakina da azkenengo urteetan gure nekazaritzaren egoera gainbehera etengabe batean egon dela, eta orain behea jo dugula dirudi. Baserritarren %90 galdu da, eta hori baino larriagoa dena, nire ustez, baserria sostengatzen zuen gizarte eredua ere bai. Ahaleginak ahalegin, badirudi baserri tradizionalak -hau da, baserri dibertsifikatu hura, denetik pixka bat ekoizten zuena, inguruko baliabideak modu sostengarrian erabiltzen zituena, auzolan eta bestelako erlazio sotil eta konplexuei esker modu autonomo batean bizitzen zekiena...- ez duela lekurik XXI. mendeko gizarte lehiakor eta global honetan.

Beraz, zer egin? Nola irauli egoera? Ba bururatzen zait, baserriek ez badute lekurik gizarte honetan eta baserriak nahi baditugu Euskal Herrian, gizartea bera aldatu beharko dugula; gure nahietara egokituko litzatekeen gizarte berri bat eraiki beharko dugula, non baserriek, nekazariek eta tokian tokiko ekoizpenek lekua izango luketen, non ekonomia balio nagusi eta ia bakar izatetik bestelako balioak bultzatuko liratekeen...

«Hori ez da posible», entzuten diegu, behin eta berriz, bai gure agintari zein kaletar eta baserritar zaharrei ere, «ezin da baserritik bizi». Egia da ez digutela laguntza handirik ematen horretarako! Baina gero eta aukera gehiago ari dira azaltzen, eta azkenengo urteetan gazte batzuk ari dira nekazaritzan zein abeltzaintzan murgiltzen. Horietako gehienak kaletar peto-petoak dira, batzuk emakumeak, baina inondik ageri ez direnak baserritarren seme-alabak dira; Eta azken horiek dira seguruenik aukera hoberenak dituztenak, baserritar bat instalatzeko oztopo nagusia lurraren falta baita; edo hobeto esatera, lurra eskuratzeko dauden zailtasunak. Nahiz eta nekazaritzarako lurrik aberatsenak eta egokienak industriak kendu dizkigun, badira oraindik erabil daitezkeen belardi eta zelaiak, baina erosi nahi dituen gaztearentzat ordaindu ezinekoak gehienetan; eta, aldi berean, utzitako eta erabiltzen ez diren lurrak gero eta gehiago dira!

Gero eta gehiago dira instalatzeko asmoz lur eske hurbiltzen zaizkigun gazteak, eta gero eta gehiago dira baita ere Basherri talde batetan parte hartu nahi duten herritarrak. Gipuzkoaren kasuan, hiri handietan apenas sortu diren horrelako taldeak, baserritarren falta dagoelako.

EHNEko kideok deialdi berezia egin nahi dizuegu, erabiltzen ez diren lurrik izanez gero eta lur hori erabiliko duen norbaiti uzteko asmoa baduzue, gurekin harremanetan jartzeko. Baserritarrak behar ditugu!

@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.