ELIKADURA. Elikagai transgeniko ekologikoak

2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Zergatik gertatzen den, ez dute argitu. Baina geroz eta zientzialari gehiago eskatzen ari dira elikagaien ekoizpen ekologikoa eta transgenikoa konbinatzea, hots, elikagai transgeniko ekologikoak gara daitezen. Erresuma Batuko Zientziaren Garapenerako Departamentuaren aholkulari den Conway irakasleak laborari ekologikoei eskatu die hazkuntza transgenikoek eta ekologikoek, batera, eskaintzen dituzten onurez gozatzeko aukera aintzat har dezaten, Biharko mahaia: nekazaritza biologikoa, genetikoa eta elikagaien geroaldia liburu ezagun hartako ereduaren arabera: «Laborari ekologikoak ingeniaritza genetikoaren etsai amorratuak diren arren, teknika hori onetsi beharra dago, nahitaez, bitarteko naturalez soilik ekoitzitako elikagaiak osasungarriago eta ingurugiroaren zaleago direneko uste okerra betirako alboratuta».

Eredu horren aldekoak ugaltzen ari dira, pixkanaka: horien arabera, bi metodoen baturak nekazaritza iraungarriago eta errentagarriagoa (oi!) ekarriko luke.

Iraultza berde transgenikoa bataiatu dute oraingo proiektua baina bide hori biziki arriskutsua da, are eta gehiago orain dela mende erdiko «iraultza berde» haren emaitzak gogoan izaki, orduan egin ziren promesak zakarrontzian utzi baitziren berehala: hirugarren munduko gosea eta desnutrizioa ez ziren arindu, nekazariaren bizimodua ez zen hobetu eta, gainera, ekoizpenaren gehikuntza erraldoi hark elikagai barietate askoren betirako desagertzea ekarri zuen, espezie errentagarrienak bakarrik (ai!) aukeratu baitziren. Hori gutxi izaki, fenomenoak ingurugiroan sekulako kontaminazioa eragin zuen, berebiziko indarra (baina frenorik ez) zuten botikak neurrigabe erabili zituztelako konpainia ahaltsuek.

Conway irakasleak onartzen du: ekologistek eredu hori akats larritzat joko dute baina, ingeniaritza genetikoari esker, hazkuntza ekologiko hobe eta handiagoak erdiets litezke, inondik inora. Adierazpen horiek planetako herritar orori (9.000 milioi) 2050 urtean aski elikagai izango dutela bermatu behar omen zaien unean zabaldu dira. Orain baino %70 elikagai gehiago ekoitzi beharko omen dira baina gu ez gaude prestaturik hori lortzeko. Monsanto, Bayer eta horiek, ordea, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.