Mendebaldeko autore sukaldaritza, egun, ia erabat japoniarra da: lehengaiak, tresneria, egoskerak, aurkezpena. Sukaldari batek bide hori aukeratu eta, artaldean bezala. Badirudi goi mailako profesional bikain horiek, oro har, irizpide sendorik ez dutela, lanbidean, gutxienez. Esferifikazioak? Baita makarroietan ere. Aparrak? Entsaladan orobat. Modenako balsamikoa? Kafesnearekin, ezinbestez. Joera ez da berria: esnegain aroa pasa zen, zorionez.
Beste joera bat: bertatik diru asko ateratzen duten profesionalek (sukaldari, somelier, kritiko, merkatari, ekoizle, kazetari edo, areago, hedabideek) euskaraz deus ez egitea erabaki dute, aitzindariek euskal estrata aukeratu bazuten ere: Escualdun cocinera (1864, Baiona) estreinakoa dugu etxean Cocinan icasteco liburua chit bearra famili gucietan (1882, Tolosa), bigarrena.
Azterlan bat egin genezan agindu zigutelarik, euskal produktu, egospen eta abarren definizioak, azalpenak etab. jaso behar izan genuen. «Goazen amaraunera, Internetera», geure artean. Joan eta... hura basamortua! Taxuzko eta bromazko hiztegitxoak, minimun minimorum, elkarri kopiatutakoak gehientsuenak, zorroztasunik ezaren paradigma; baita artikulu monografikoak ere: frantsesez berrogei orri, euskaraz bost lerro. Libururik, bideorik, prospekturik, kartarik, telesaiorik ez dago euskaraz, profesionalek ez dihardute euskaraz, akaso aldeanokerian ez amiltzearren. Hobe da ingelesez, edo frantsesez. Baina horietan ere ez dakitenez, nonbait, segi erdaraz bakar-bakarrik. XXI. mendean. Areago, euskaraz irakur daitekeen parte ñimiño hori ere ez dago euskaraz sortua, euskaratua baizik. Eta euskaratzean gauza xelebre askoak utzi dira, etorkizunerako. Horrela, hobera egiten badugu, aldapa gora ez dugu gogorregia izango.
Euskal Historiaurrean bizi gara, oraindik idazten ikasi ez baitugu. Lotsagarria da panorama. Baina lotsatu ez gara gu egingo, bekatu dutenak baizik. Unibertsitate ikastegi bat zabaldu behar dute orain Donostian. Izenari basque arriskutsua jarri diote dagoeneko. Lopez Unibertsitate aurrehistorikoa, ote?
ELIKADURA. Gure altxor delako hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu