ELIKADURA. Legatza plantxan barazki eta almejekin

Iker Markinez.
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

Legatza, 200 gr-ko 4 xerra azalarekin

Porruak, handi bat

Azenarioak, bi

Almejak, 40 gr

Baratxuri aleak, hiru

Oliba olio birjina

Limoi erdi baten zukua

Gatza

Legatza plantxan barazki eta almejekin

Lehen pausoan, barazkiekin hasiko gara. Porruak ondo garbitu, eta azenarioak zuritu. Ondoren, bi barazkiak juliana moduan moztuko ditugu. Lapiko bat urez bete, gatz pittin bat bota eta sutan jarri. Irakitean, barazkiak bota eta hiru minutuz eduki irakiten. Ondoren, ura ondo kendu, eta platera batean gorde.

Zartagin bat edo plantxa bat sutan berotzen jarri, eta ondo bero dagoenean, legatz xolomoak azala goruntz dutela plantxan edo zartagian jarri, eta oliba olio eta gatz pittin bat bota; lau bat minutuz eduki ondoren, buelta eman eta beste hiru bat minutuz eduki.

Bitartean, beste zartagin bat berotzen jarri, olio txorrotada batekin. Baratxuriak xerra finetan moztu, eta zartagira gehitu. Gorritzen hasten direnean, almejak gehitu. Segituan almejak irekitzen hasiko direla ikusiko dugu. Orduan, lehen gorde ditugun barazkiak gehitu zartagira, baita limoi erdi baten zukua ere. Orain, plantxako legatza zartagi horretan jarri, eta sua kendu. Tapa batez estali zartagia, eta pare bat minutuz atsedenean utzi. Atseden horretan legatzak bere zukua askatzen du, eta almejei zein barazkiei gustu ederra emango die.

Mahaira zerbitzatzeko, platera bakoitzean legatz xerra bana ipini, ondoan almeja batzuekin eta barazki sorta batekin. On egin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.