Zuenak, baserriak baino gehiago, Gabonetako jaiotzak dira zuen behi, ardi, txerri, astotxo eta abarrekin. Nola arraio ateratzen duzue horiekin bizitzeko lain?
Kontxo! Izango dira 15 urte horixe bera entzun nuela estreinakoz. Alegia, gure etxaldeak Gabonetako jaiotzak ziren, nekazaritza modernoago eta produktiboago baten aldekoen iritziz. Profesional ona izateko, azienda ugaria eta baratze sail handiak jarri beharra zegoen.Eta, horrela, administrazio eta ustezko aditu tropelak bultzatuta, baserritar mordoxka sartu zen bide horretatik. Hasieran, hogei abelburu nahikoa ziren kaleko edozein langileren pareko soldata ateratzeko. Geroxeago, 40 burukoa bihurtu zen eredu egokia. 50 buru sartzeko ukuilu handiagoa egin behar handik urte gutxira. Gaur egun, 100 buruko granja erraldoiak zorrei buelta eman ezinik dabiltza.
Bestalde, arrazoia duzu ekologikoan gabiltzanon ekoizpenak txikiak direla diozunean. Halabeharrez, baserriak txikiak direlako. Eta lur sail onak, gutxi. Beraz, ezin produkzio handirik lortu. Izan ere, nekazaritza ekologikoak bere marra gorriak ditu. Guri lurrak berak jartzen dizkigu igaro ezin ditugun mugarriak. Ezin dezakegu eskura daukagun lurrak eman dezakeen baino gehiago saldu. Europako arautegiaren arabera, EKO edota BIO zigilua lortzeko, muga jakin batzuk errespetatu behar dira. Hona adibide batzuk: lur azaleraren hektareako 2 abelburu,13 ardi, 6,5 txerri edo 230 oilo, besteak beste.
Hortaz, hain ekoizpen txikiekin nola atera bizitzeko lain? Ekologikoan gabiltzanok salmenta zuzena eta gertutasuna lehenetsi ditugu. Eraldaketari garrantzi berezia eman zaio eta ekoizpenen dibertsifikaziora jo. Bezeroaren konfiantza eta inplikazioa lortzen ahalegintzen gara. Horrek guztiak eta lanerako ganorak diru sarrera duinak eman ditzakete. Aitortu behar, hala ere, ofizioa bera soldata ateratzeko modu bat baino gehiago dela onartu dugula, betetzen gaituen bizitza estiloa. Zorionez, gero eta jende gehiago erakartzen duen bizibidea. Horra hor herri askotan sortzen ari diren kontsumo taldeak. Baserriko uztak merkaturatzeko bitartekaririk gabeko bide berriak azaltzen ari dira.
Lurra mugatua dela konturatzen hasiak garela pentsatu nahi nuke. Urtez urte ekonomia hazi behar delako ezinbestekotasuna zalantzan jartzen duten ideiak hedatuz doaz. Hawking fisikari ezagunak planeta berri baten bila serioski hasi beharrean gaudela adierazi du. Horretarako denbora pixka bat falta zaigunez eta Belen-goa aspaldi ezkutu samar dagoenez, ez al da izango hobe ditugun baliabideak beste era batera kudeatzea?
@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.
[email protected]
ELIKADURA. Lurraren mugak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu