Irailaren amaiera aldera gertatu zen, mahats biltzea hastear zegoela. Mahatsak heldutasun puntu egokian, egoera ezin hobean zeuden. Languedoc-Rousillongo Villeneuve-les-Beziers herriko mahastizaina da Roland Cavaille, eta haren mahats uzta guztia gau batean, lotan zegoela, bat-batean, desagertu egin zen. Cabernet sauvignon mahatsa, hogeita hamar tona, mahasti oso bateko mahats guztia, Cavailleren mahats guztia. Badirudi goizaldean uzta biltzeari hasiera eman aurretik mahastiari azken begirada ematera joan zeneankonturatu zela... Baina aurreratu egin zitzaizkion, nonbait.
Ikerketen arabera, lapurrek mahats biltzeko bi makina erabili omen zituzten, gutxienez. Gau argia lagun zutela, ez omen zuten behar izan argirik lan egiteko. Eta Cavailleren mahastia toki aproposean zegoen, gainera, beren helburua lortzeko, ibai ertzean, irteerarik gabeko bide batean, berroz inguratua eta bere etxetik bi kilometrora.
Badirudi lapurtutako mahatsa saltzen lan erraza izango dutela lapurrek, aurtengo uztaldia nahiko eskasa izan delako kopuruei begiratuta eta cabernetaren salneurriak gora egingo duela uste delako.
Mahats lapurretak nahiko ohikoak omen dira Frantzian, baina ez hain kopuru esanguratsuetan, eta hura baino balio handiagoko tokietan, gainera; Champagnen edo Bordelen, adibidez. Languedoc-Rousillongo ardoak apalagoak dira, eta granelean merkaturatu dira, baina azken urteotan, bertoko ardoen kalitateak gora egin du nabarmen.
Antzeko zerbait gertatu zen duela bi urte, 2008ko urriaren hasieran, hain zuzen ere, Morales de Toron -Zamora, Toro jatorri izena-. Hango mahastizain batek, Abdon Segoviak, Pintia upategiari-Vega Sicilia taldekoa- saltzen omen zizkion bere mahatsak, eta gau batean, Cavailleri gertatu zaion antzera, bere mahastirik oneneko mahatsa desagertu egin zen. Mila eta bostehun kilo baino ez ziren izan, baina, Abdonen ustetan, lapurreta egin zutenek ondo baino hobeto zekiten zertan ari ziren, eta, haren hitzetan, «adituak, mahatsak eta mahastiak oso ondo ezagutzen dituztenak» ziren. «Mahastirik onenak oso ondo aukeratuak, beren ardo propioa egiteko nahi dituztenak eta ez saltzeko».
Pintiakoak ohartu omen ziren gertatukoaz, mahastiko mahatsak biltzera joan eta mahastia hustua ikusi zutenean. Oraintxe ari dira gure mahastizainak ere mahatsa biltzen; badirudi, oro har, itxura polita eta kalitatea dakarrela mahatsak. Zorteaopa diegu guztiei, eta hilabete batzuk barru izango dugu parada hori egiaztatzeko. Bitartean,argi ibili, eta ireki ondo begiak eta prest izan belarriak. Eta mahats biltze garai honetan, agian, beste batzuek ere erne beharko dute izan beren lana burutzeko.
ELIKADURA. Mahats lapurretak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu