ELIKADURA. Mineraltasuna al da hau?

Roberto Sarriugarte
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Zer gertatzen ari da dastatze ohar edo notetan aspaldi honetan mineraltasuna hitzarekin?

Ez dut esango gehientsuenetan baina bai nahiko orokorra bihurtu dela ezaugarri hori agertzea ia edozein ardo deskribatzeko orduan. Urte asko ez dela, oso leku jakinetan baino ez zen agertzen adjetibo hori, eta dastatze saioetan ia aipatu ere ez zen egiten. Foro bateko lagun batek esaten duen moduan badirudi mundua mineralizatu egin dela.

Eta, hausnarketa horrekin gabiltzala, zer irakurri behar, eta, urriaren 14an Interneten saltsatzen ari nintzela, Barco de Valdeorras (Galizia) jatorri izenaren babesean dagoen Virxen de Galir upategiari buruzko berri harrigarri bat aurkitu nuen: Upategi horrek duela egun gutxi batzuk ikerketa bat abiatu omen du arbelak beren godello mahatsaren hartziduran izan dezakeen eragina aztertzeko.

Eta, horretarako, mustioz betetako zazpi mila litroko depositu batean hainbat arbel harri sartu dituzte, «ea ardoari mineraltasun izaera ematen dion aztertzeko», Jose Luis Murcia upategiko enologoak zioen bezala.

«Ardo horien berezitasuna beren izaera minerala da, arometan batez ere, mahatsetik datorkiona, lurzoruko arbel ugaritasunari esker... Eta orain zera ikusi nahi dugu hartziduran eta hildako legamiekin beratzean, arbelak ea mineraltasun gehiago ematen dion ardoari».

Sinestezina, harrigarria...

Nik jakin ez dakit legezkoa den jokabide hori ala ez, baina horrelako jokaerekin sortzen zaizkidan lehen sentsazioak urduritasuna, artegatasuna eta egonezina dira... Ez ditut gogoko, faltsutze, tranpa usaina hartzen diedalako. Hori bai, ezkutuan ari direnik ezin dut esan, argi eta garbi azaldu dutelako proiektu guztia, argazki eta guzti argitaratuz.

Enologo ezagun batek esan didan moduan, «hurrengoa mahatsa ananekin eta mangoekin hartzitzea izango da, izaera tropikala emateko ardoari».

Esperientziarekin jarraitu ala ez, dastaketa baten ondorioa izango da. Upategikoen esanetan, helburua upategiko ardoetan mineraltasuna areagotzea da, dastatzaileak, batez ere nazioarte mailakoak, hain gustuko duten ezaugarria indartuta.

Beste depositu berdintsu batean ardo berbera izango dute baina arbelezko harririk gabe, gero biek alderatu ahal izateko eta hortik ondorioak ateratzeko.

Ikerketa moduan ondo egon daiteke, eta ikusiko dugu, agian, zer gertatzen den, zer emaitza ematen dituen, baina mahatsak lurretik atera behar duena, eta ateratzen duena baldintza jakin batzuetan, beste bitarteko batzuk erabiliz lortzen saiatzea ez dakit ba oso zilegi den... Niri, behintzat, ez zait gustatzen; ez dut gogoko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.