ELIKADURA. Transgenikoak onak al dira?

Roman Bengoa Larrañaga
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Transgenikorik behar al dugu? Zertarako? Horiek dira, nire ustez, erantzun beharreko galderak.



Defendatzen dituztenek diote osasuntsuak eta arrisku gabeak direla, baita munduko gosearen aurka egiten lagunduko dutela ere.

Baina, azkenaldian, ikerketa batzuetan agertu da osasunarentzat kaltegarriak direla edo, gutxienez, zalantzan jartzen dute transgenikoekin «arriskurik ez» dagoela. Transgenikoak herbizidak jasateko gai izan daitezke; beste batzuetan, intsektu jakin batzuk hiltzen dituen substantzia bat sintetizatzen dute, eta antibiotikoak ekoizteko gai dira. Horrelako gaitasuna duten landareak ingurumenean askatzeak ondorio hondamenezkoak ekar ditzake, ingurumenean zein nekazaritzan: lehenago edo geroago, lekuko aldaerekin eta aldaera basatiekin nahastuko dira. Horrela, hemengo aldaerak transgenikoz kutsatuko dira, nekazaritza ekologikoa bera ezinezko bihurtuz.

Transgenikoek gure janarian ingeniaritza genetikorik nahi ez dugun pertsonon eskubideak urratzen dituzte. Labore transgeniko eta ez transgenikoen elkarbizitza ezinezkoa da: naturaren legeetan nahasketa da nagusi; horrenbestez, azkenean labore guztiak transgenikoak izango dira.

Munduko gosetearen arrazoia politika ekonomikoak dira, bultzatzen diren ekoizpen eta merkaturatze ereduak. Elikagaien eskasiarik ez dago -egunero tonak alferrik galtzen dira eta!-, arazoa banaketa egiterako orduan dator. Politika makroekonomiko horiek milioika baserritar desagerrarazten dituzte, eta, hain zuzen ere, baserritar horiek dute lekuan lekuko komunitateak elikatzeko ardura.

Egungo ekoizpen eredu intentsibo eta industrialak enpresa banatzaile handien eta agroindustriaren esku uzten ditu ekoizpen eta merkaturatze politikak. Merkataritza askeak irabazi ekonomikoa besterik ez du buruan; merkatuaren kontrola du helburu, eta arazorik gabe egiten die muzin kontsumitzaile, nekazari eta abeltzainen interesei.

Transgenikoak eredu horretan urrutirago joateko tresna dira, oso tresna arriskutsua. Eredu horrek nekazariaren autonomia zapuzten du; ekoizpena kontsumotik banatzen du, lekuan lekuko merkatuen garapena galaraziz. Eredu horretan, kontsumitzaileak ez dauka inplikatzeko aukerarik nahiago duen ekoizpen eta merkaturatze sistema aukeratzeko.

Transgenikorik ez dugu behar. Are gehiago, menperatu beharreko etsaia dira, baldin eta lekuan lekukoa, osasuntsua eta nekazari zein abeltzainen iraupena ziurtatuko duen nekazaritza nahi badugu.

@Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47.

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.