ELIKADURA. Zergatik hasten gara jaten?

2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Industrializazioa indartu aurretik makineria gehiegirik ez zegoenez, nekazaritzan eta arrantzan lanak eskuz egin behar izaten ziren eta, ondorioz, elikagai gutxiago ekoizten (eta kontsumitzen) zuen gizakiak. Hori, atzo goizean. Lehenago, mende mordoxka batez, herritarrak bi janari egin ditu egunean, bata goiz partean eta bestea lanak amaitutakoan, ilunabarrean. Horri esker, elikagaiak neurriz kontsumitzen zituen, albokoari begira, etc.

Ohiturok bazterrean utzi eta jokabide berrietan hastea industrializazioari eta globalizazioari zor diegu: oraintxe pintxoa, oraintxe bi kafe eta pasteltxoa, zoparik ez, potajea gustatu ez. Elikatzea plazerra da, konforme, baina otordu seriorik ez, sukaldean aritzeko astirik ez, etxean eginikoa baino kalekoa nahiago...

Elikagaien industria bila ari da etengabe: zer jaten dugu, zergatik, ze ordutan, norekin... eta zergatik hasten gara jaten, horien negozioa sortarazten. Aspaldiko diziplina hura hautsirik, badirudi orain sei direla arrazoi nagusiak:

-Agindu digulako. Gurasoak edo unean uneko agintariak.

-Gosetuta gaudelako. Premia metabolikoei erantzuteko, seinale biologikoak jaso baititugu: hutsik dagoen urdailaren uzkurdura, energia eskuratzeko ahulezia, odoletako azukrea jaistea, etab.

-Jateko gogoa dugulako. Energi premiak gorabehera, gogo huts edo gurari sozio-afektiboak bultzatzen gaitu maiz jatera. Gosea gabe, apetitua.

-Garaia delako. Hori, nutrizio-premiez (ustez) dakigunak eta gure gizartearen azturek agintzen dute; Pauloven iratzargailuak funtzionatu ohi digu eguarte eta ilunabarrean.

-Adierazpen sentsorialak. Elikagaien nolakotasunek helarazitakoak dira: itxura tentagarria, aroma goxoa, kolore erakargarri berezkoak edo artifizialak (edulkoratzaileak, koloretako zelofanak) gugan iritzi hedonikoak sortaraziz. Atseginak edo higuingarriak suertatzearen arabera, jatera edo ez jatera bultzatuko gaituzte horiek.

-Faktore emozionalak. Egokiera emozionalak eragin erabatekoa izan dezake: maitasunak, beldurrak, bakardadeak eta bestek jatera edo ez jatera garamatzate maiz.

Eragozpen horiek guztiak gainditzea dute helburu konpainia handiek, etengabe zernahi kontsumi dezagun. Erne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.