Elikadura. Hazkurri kontuak

Elikadurarekin loturiko jakintza arloak

2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Maiz nahasten ditugu jan-edatearekin loturik dauden jakintza alorren izenak. Berdin dio sukaldaritza, gastronomia edo beste zernahi, nonbait. Izen handiko profesionalek ere ez omen dute garbi zeri dagokion bakoitza. Profesionaltasun horretara seguruenik behin ere iritsiko ez diren adiskide batzuen eskariaz eta denboraldiari amaiera emateko, argi ditzagun gaur zer horiek aurki argitaratuko den hiztegi interesgarri batetik:

Elikadura: izaki bati bizitzea ahalbidetzen dion jan-edanen hartzearekin loturiko gai guztien multzoa;

Dietetika: osasunean (nutrizioaren fisiologiak adierazitako bideetatik) eta gaixotasunean (dietoterapia) elikagaiek duten eragina;

Bromatologia: elikagaien ekoizte, prozesatze, kontserbatze, garraiatze eta banatzearekin ez ezik, horiek osasunarekin duten lotura ere aztertzen du; bromatologiari esker elikagaiek organismoan duten eragina, osaera kualitatibo eta kuantitatiboa, elikadura balioa, alterazio eta kutsadurek osasunean duten adiera, elikagaiak prozesatzeko teknikarik egokienak, elikagaiak eta kontsumitzailea babesteko legeria nola aplikatu eta beste hamaika alderdi ikertu eta argi daiteke.

Nutrizioa: izaki biziak harturiko elikagaiak nola transformatu eta asimilatzen diren aztertzen du diziplina aniztun honek.

Trazabilitatea: elikagaik, jakiak, pentsuak, elikadurara bidera litekeen animalia edo substantziak, kontsumitzailearen eskuetara iritsi arte, ekoizpen eta banatze prozesuetan zehar nolako ibilbidea egin duen.

Elikagaien segurtasuna: hertsiki, elikagaien osasun segurtasuna (higienea eta kaltegabetasuna); adiera zabalean, elikagaiak eskuratzeko aukera, gaitasun edo ahalmenari dagokionez, lau faktoreren arabera: edukitzea, eskuratzea, irautea eta kalitatea izatea.

Gastronomia: elikaduraren inguruko ezagutza eta praktiken multzoa; fenomeno honetan era askotako faktoreak (kulturalak, ekonomikoak, erlijiozkoak, intelektualak, emozionalak, organoleptikoak, etab.) sartzen direnez gastronomoa, definizioz, pertsona jakituna izango da. Elikaduran premiazkoa sartzen den heinean, gastronomian «alferrikakoa» lehenesten da.

Enologia: ardoa egiteko zientzia, teknika eta artea.

Sukaldaritza: gizakiak kontsumituko dituen elikagaiak prestatzeko tekniken multzoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.