Euskal zinemagileek 1936ko gerra Euskal Herriko ikuspegitik ia landu ez dutela iritzita, lana bere gain hartu du Laudioko (Araba) herritar talde batek. Otsoaren hatsa film laburra aurkeztuko dute gaur Bilbon. Hiriko Burdinazko Gerrikoan arituriko gudari talde baten istorioa kontatzen du lanak.
Goikogane mendiko lubakietan grabatu dute filma. Juan Angel Lekanda lanaren zuzendari eta gidoilariak esan duenez, historiarekiko fideltasun ahalik eta handiena gorde nahi zuten. Halere, filma «buruarekin baino, bihotzarekin» dagoela eginda onartu du. Dokumentazio lan handia egin dute filmerako: historialariak elkarrizketatu dituzte eta agiri asko aztertu.
Aktoreak eskualdekoak dira. Batzuk badute eskarmentua antzerkigintzan edo zineman, baina gehienak inoiz aritu gabekoak dira. Tropa faxistak Bilbon sartzea galarazteko defentsa sisteman borrokan dabiltzan gudarien rola betetzen dute.
Nabarmentzeko da filmak ez duela inongo diru laguntzarik izan. Eskatu badituzte ere, ez dituzte jaso, eta sustatzaileek euren poltsikotik ordaindu behar izan dute ekoizpena. Martxoan estreinatu zuten, Laudion, eta estreinaldia frankismoaren biktimentzako omenaldia bihurtu zen.
'OTSOAREN HATSA'
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Yohn jauregia, Bilboko Zazpikaleetan.
Eliteek muzin, herritarrek egin
'Otsoaren hatsa' film laburra Bilboko Burdinazko Gerrikoan arituriko gudarien inguruko istorioa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu