Diana J. Torres artistak (Madril, 1981) batez ere performancea eta bideoa erabiltzen ditu bere lanean, baina Pornoterrorismo liburua argitaratu berri du Txalaparta argitaletxearekin. Aurkezpena egingo du gaur, 22:00etan, Emakumeen Liburutegian (Tejeria 28, Iruñea), eta performancea, 22:00etan, Subeltz aretoan.
Zertarako idatzi 'Pornoterrorismo' liburua?
Eliza, estatuaren eta sendagileen artean lortu dute guztiok sexualitate ziztrina izatea. Nire esperientziaz mintzo naiz. Liburua saiakera eta autografiaren artean dago.
Erreakzioa da, botereak diskurtso feminista bere egin duela ikusita?
Bai. Kritika egiten diot erakundeen diskurtso feminista eta gay-ari. Esaten digute maritxuen eta lesbianen %90k normalak izatea nahi dutela, gizarteratu, ezkondu, haurrak izan, eta gizartearen tolerantzia jaso. Toleratzea bizitza barkatzearen parekoa da. Normalizazioa gaitzesten dut. Homosexualen arteko ezkontza, esaterako: niri ongi iruditzen zait jende guztiak eskubide berdina ezkonduz zorigaiztokoa izateko. Guk ez dugu normalak izan nahi, ez horixe.
Feminismo instituzionalaren aurkako gerra deklarazioa da?
Feminismoaren instituzionalizazioa ikaragarria da. Nazkagarria da, esaterako, feminismo ofizialak nola tratatzen duen prostituzioa. Feminista horiek frigidak dira, azken batean, ez dute gustuko larrua jotzea eta horregatik ez dute maite pornoa, eta emakumeentzat iraingarria dela deritzote. AEBetan, eskuinarekin bat egin zuten pornografiaren aurka. Niretzat halako feministak etsaiak dira, edo okerrago.
Feminista klasikoen gaitzespena jaso duzu?
Gogor gaitzetsi ninduten Perrxs Horizontales lesbianentzako prostituzio zerbitzua jarri nuenean martxan. Nire burua esplotatzen ari nintzela esan zidaten.
Baina zerbitzu hori arte kontu bat da, edo alde ekonomikoa ere badu?
Ni pozik alde ekonomikoa balu. Baina Virginie Despentesek behin zuhurki esan zidanez, nire egitasmoak arazo handia du: dirua dutenak ez ditugu bero jartzen, eta bero jartzen ditugunak sosik gabekoak dira. Guk zerbitzu bereziak eskaintzen ditugu urritasun edo elbarritasunen bat dutenentzat. Gure taldeko kide bat zeinu hizkuntzan komunikatzen da. Garuneko paralisia duen pertsona supersexual bat agertzen da liburuan, eta prostitutek ez dakite tratatzen. Elizarekin loturik ez dauden zentroetan, down sindromea dutenak putetxetara eramaten dituzte; errepide ondoko merkeenetara. Traumatikoa izaten da, putetxeetako langileak larru-jotze azkarrera daudelako ohituta. Imaginatu autista batekin, hauekin dena izugarri geldo doanean.
Ekintza pornoterrorista bat?
Vatikanoan izan ginen 2008ko Gabonetan. Opus Deiko kidez mozorrotu eta grabagailuak sartu genituen. Horietan geure burua genuen grabatuta, larrua jotzen, eta Madonnaren Like a Virgin kanta. San Petri Basilikan aldareen atzean jarri genituen, eta play sakatu. Imaginatu Laguntzako Andre Mariaren estatua urdanga bat bezala ahuenka hasi zenean. L'Osservatore Romano-n agertu zen albistea: Pio XII.aren hilobia berriz kontsakratu behar izan zuten. Horrela funtzionatzen dute birus informatikoek eta suntsipen estrategiek.
Sistemaren barruan birus bezala funtzionatzea da zure asmoa?
Orain arte ez naiz sistemaren barruan sentitu, baina lan honekin bai. Azken batean, hor dago, FNACen, Fragaren liburuaren ondoan.
Diana J. Torres. Artista
«Elizak, Estatuak eta sendagileek lortu dute denok sexualitate ziztrina izatea»
Feminismo klasikoaren ekinbidea baztertu eta «pornoterrorismoa» proposatzen du sortzaileak. Txalaparta argitaletxearekin argitaratu berri duen liburua aurkeztuko du, performance baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu