Gasteizko Errementari kaleko 78 zenbakian, janari eta labe usaina sumatzen da abenduaren 2az geroztik. Zartaginak sutan ipini dituzte eta eltzeetatik lurruna ateratzen hasia da jada. Gasteizko Alde Zaharraren errehabilitaziorako agentziaren laguntzarekin, 220 Grados izeneko sukaldaritza gune berria zabaldu dute. «Batzuentzat aspergarria izaten da sukaldea, beste batzuk ez dira ongi moldatzen, baina guztiok beharrezko dugunez jatea, edonorentzat izan daiteke baliagarri 220 Grados proiektua», Elena Zudaire proiektuko sortzaileetako baten hitzetan.
«Proiektua su motelean, poliki-poliki egina izan da. Blogean sortutako ideia batetik etorri da guztia». Abenduaren 2an ireki zuten lehenengo aldiz 220 Grados lokala. «Oso harrera ona izaten ari da proiektua. Hemendik aurrera ere horrelakoxea izatea espero dugu», esan du Zudairek. Abenduaren 11n hasi zituzten lehen ikastaroak. Astero, ikasleentzat egokitutako ordutegi batean, ogia egiten, gozogintza lantzen eta sukaldeko hainbat sekretu ikasten arituko dira izena eman duten lehen ikasleak. Garaiko eta hemengo produktuekin arituko dira lanean. «Nekazaritza ekologikoaren aldekoak gara».
Lehen ogia labean sartu berri dute, 220 gradutan. Izan ere, Elena Zudaire, profesioz kazetaria bada ere, okin aparta da. Berak hasi ditu ikastaroak eta bera ari da ogia egiten irakas- ten.
Zaporez beteriko lokala
Jende asko animatu zen proiektuaren ideia sortu bezain pronto. Lana modu egokian egiteko, berriz, talde txikietan bildu dituzte ikasleak. «Hamar laguneko taldeak osatu ditugu, neurri egokia baita gure eraikinean eroso lan egiteko». Errementari kaleko 78. zenbakian, laranja, gris eta kolore biziek sukalde forma hartu dute. «80 bat metroko lokala da orotara. Edozein etxetan egon litekeen sukalde bat ipini dugu, apur bat handiagoa, edozeinentzat baliagarri izan behar baitu. Haren ondoan, mahai erraldoi bat dago. Han arituko gara sekretuak ikasten». Kolore bizien artean, zartaginak, irabiagailuak, kazuelak, zuhaitzak, denetarik topa liteke hormetan irudikaturik, baita hainbat binilo ere. «Zerbait berezia eta gune goxoa izatea nahi genuen; dekorazio lanetan aritu direnek, Inma Otalora eta Mario Cantonek, lan izugarria egin dute».
Tailerraren alboan, berriz, dendatxo moduko txoko bat egokitu dute. Han, ogia egiteko lanabesak, osagarriak eta sukaldearekin lotutako beste hainbat produktu izango dira salgai. Ikastaroentzako guneaz gain, sukaldearekin lotura duen edozein gauzatara egokitu dute lokala. «Ikasgai praktikoak emango dira gune berri horretan. Era berean, ahalik eta ikastaro pertsonalizatuenak izatea nahiko genuke», dio Zudairek.
Ogia egiten hasi dira lehen hamar ikasleak. Datozen asteetan, berriz, ehunka sekretu ikasteko parada izango dute sukaldaritzako profesionalekin. Lehen gonbidatua Luis Plagaro izango da, La Cocina de Plagaro jatetxeko arduraduna. Adituak plateren aurkezpen profesionalak egiten irakatsiko die ikasleei. Bigarren gonbidatua, berriz, Simon Lizarralde izango da, El Parral jatetxe begetarianoko profesionala. Haren laguntzarekin, garaiko barazkiekin egindako zizka-mizka arin eta harrigarriak prestatuko dituzte. Azkenik, Iban Iarzak labea 220 gradutan ipiniko du. El foro del pan eta ¿te quedas a cenar? blogetako sortzailea eta Robin Food telebistako programako kolaboratzailea da Iarza. Ikastaroan, errege opilak eta panettoneak egiten irakatsiko die ikasleei.
«Mimo, gogo eta interes pixka bat jarriz gero, guztiok daramagu chef txiki bat barruan. Mantala jantzi eta eltze artera sartzea izaten da kontua. Sukaldean ideiarik ez duen jendea, apur bat dakiena eta dezente dakiena ere guregana etortzea da proiektu honetan asmoa. Jakintzak elkarbanatzea nahiko genuke». Sukaldaritza denontzat baliagarri denez, jar dezagun labea 220gradutan. «Interesa duen edo- nor animatuko nuke Errementari kaleko 78. zenbakira, gure eltzeetako saltsa gozoa dastatzera».
Eltzeak bor-bor 220 gradutan
220 Grados izeneko sukaldaritza alternatiboko lokala zabaldu dute Gasteizko Alde Zaharrean. Hainbat ikastaro hasi berri dira, zenbait adituren laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu