Ezarian. Eski denboraldia

Elurra, eski estazioen pizgarria

Dagoeneko, eski denboraldiaren erdia iragan da, eta datu txarrak dituzte esku artean eski estazioetako arduradunek. Ekonomia krisiaren eraginak eta, batez ere, elur eskasiak hutsik utzi dituzte eski estazioak. Egunotan bota duen elurtearen ondotik, egoera iraultzea espero dute.

Adrian Garcia.
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Eski denboraldia oso gorabeheratsua izaten ari da. Sasoi erdia igaroa da, eta tokian tokiko egoera desberdina den arren, oro har, nahiko ezkor azaldu dira elur denboralditik bizi diren etxeak. Ofizialki abenduaren lehen asteko zubian hasi zen denboraldia, elur gutxirekin. Handik aurrera ere, eguraldiak ez du askorik lagundu. Klimari estuki lotuta dagoen jarduera bat izaki, orain arteko elur denboraldia nahiko apala izan da. Elurra faltatu ez ezik, ohi baino bero handiagoa egin du sasoian, eta elurra artifizialki sortzea galarazi du. Ondorioz, eski estazio ugari hutsik egon dira hilabeteotan. Hutsik elurrik ez zegoelako, eta elurrik gabe, eskiatzailerik ez. Eski estazioetako langileek ez ezik, inguruko herrietako negozioek ere nabaritu dute bezero falta. Egunotako elurteak ateak zabaldu dizkie eskiatzaileei, eta denboraldia iraultzeko itxaropena eman die eski estazioei.

«Eski denboraldiaren orain arteko balantzea hutsaren hurrengoa izan da». Juan Ignacio Manchoren hitzak dira. Abodi Nafarroako eski estazioa kudeatzen du Manchok. Joan den astelehenean ireki zuten estazioa denboraldi honetan estreinakoz. Orain arte ez dute elurrik izan, eta itxita eduki behar izan dute. Azken egunetan botatako elurrak poztu egin du Mancho. «Oraingo egoera ona da, horrela irautea espero dugu. Elurra dugu, hotza ere bai, eta elurte gehiago iragarri dituzte».

Elur eskasiak Abodi eski estazio inguruko negozioei ere kalte egin die. Zaraitzu ibarrean eskiatzaileei ostatu emateko hotel eta nekazaritza etxe ugari daude. Horiek ere ezinbestean pairatu dituzte denboraldi makalaren ondorioak. Ezkarotzeko Aciri nekazaritza etxeko arduradunak kezkatuta daude. «Orain arte oso gaizki joan da; ez da elurrik egon», dio etxeko nagusiak. Egun hauetako denboraleaz ez dira fio nekazaritza etxeko jabeak, eta nahiago dute zuhurki hitz egin denboraldiaz gelditzen denari buruz. «Elurra bota du, baina ikusi beharra dago ea jarraituko duen. Hego haizete bat etorriz gero, elur guztia joan daiteke pikutara». Inguruetako hotel eta nekazaritza etxeak oso gutxi bete dira orain arte. «Asteburu batean edo bestean beteko da, inauteriak direla eta, baina bestela ezer ez».

Iratiko eski estazioaren egoera antzekoa da. Joan den ostegunean, hilaren 2an ireki zuten. Ordura arte ez dute elurrik izan, eta ezin izan dituzte pistak ireki. Egoera guztiz desberdina da orain. Aurreko asteburuan inguruko hotelak «beteta» zeudela azaldu du Arrossa Garaik, estazioko langileak. «35-40 zentimetroko elur geruza dugu, eta igo ahala, 50 zentimetrotara irits daiteke». Iraupeneko eskiko lau pistak irekita daude.

Bestelakoa izan da Erronkari ibarreko Belagua eski estazioko egoera. Elur askorik ez du egin orain arte, baina nahikoa izan da eskiatzaileak erakartzeko. Izabako Juan Pito jatetxekoak, behintzat, ez dira kexu: «Nahiz eta elur gutxi egon, errepide eta sarbideak irekita baldin badaude, jendeak gora egiten du», adierazi du Julian Gabazek. Eskiatzera joan ohi den jendea izaten dute bezero jatetxean. «Arazorik ez dugu eduki. Gabonak onak izan dira, espero genuen baino hobeak. Asteburuetan ere jende dezente ibili da; bai, jende asko etorri da». Denboraleak eragindako alerta egoera kentzeko esperoan daude tabernako jabeak. «Behin denboralea igarotakoan eta errepideak garbitutakoan, jendea etortzen hasiko da berriro».

Pirinioetako eski estazioetara jo ohi dute eskiatzaile askok. Beste urteekin alderatuz, berandu hasi da aurten denboraldia, baina jada pista gehienak irekita daude. «Pirinioetan eskiatzeko orain dauden baldintzak oso onak dira», dio Paloma Garcia Atudem Espainiako Eski Estazioen elkarteko presidenteak. Gutxi gorabehera, metro bateko elurra dute dagoeneko Pirinioetako estazioek. Denboraldia atzerapenarekin etorri bada ere, baikor eta animoso agertu dira, oro har, eski estazioetako arduradunak. Krisi ekonomikoak ere eragina izan duela aitortu du Garciak. «Krisiaren ondorioz, eskiatzaileek baldintza onak egon arte itxaron dute».

Gabonetan botatako elurrarekin Pirinioetako zenbait eski estazio jarri zituzten martxan. Antonio Jerico Formigal eski estazioko zuzendariak azaldu du eskiatzeko baldintza onak egon direla Eguberrietatik aitzina. «Ondo eskiatu du jendeak, baina elur falta egon den sentipena nagusitu da, eta hori nabaritu egin da bisitari kopuruan». Orain arte ireki dituzten pistak egoera onean zeuden, eta eguraldi eguzkitsuak asko lagundu du eskiatzen. Elur askorik ez du egin, ordea, eta azken egunetan botatako elurrak normal funtzionatzeko bidea emango duela espero du. Orain arte soilik estazioaren %40-50 izan dute zabalik. Elurtearekin batera pisten egoerak hobera egin du, eta eski denboralditik geratzen diren bi hilabeteei baikor aurre egiteko indarra eman dio. Aste Santua goiz samar dator aurten, eta orain arteko egoera iraultzeko itxaropena du Jericok. «Jende asko itxaroten geratu da oraingo baldintza onak egon arte, eta baikorrak izateko arrazoiak baditugu». Denboraldiaren bigarren zatian lehenengoko emaitza apalak hobetzea espero dute.

«Horrelako elurte bat izateko irrikan geunden», adierazi du Formigaleko Saliecho hoteleko Catia Pimenta langileak. Aldaketa nabari dute hotelean elurtearen harira. Elurra goian behean botatzen hasi zenetik erreserbak asko igo dira. «Lehen, pistetan bakarrik zegoen elurra. Orain, toki guztietan pilatzen da».

La Mongie estazio ondoko Bareges herriko negozioek ere elur eskasia sufritu dute. «Orain ez dabil jende asko, baina laster jendez betetzea espero dugu, botatako elurraren ondorioz», azaldu du Baregesko Kilarme tabernako nagusiak. Elurra gogoz bota du ostegunetik aitzina, eta mendiko errepideak noiz garbituko zain daude, eskiatzaileek lehenbailehen inguruko taberna eta jatetxeak bete ditzaten. «Asteburutik aurrera jendea etortzea espero dugu».

Luz Ardideneko eski estazioan elur gutxi izan dute, baina kalitate onekoa. Cafe du Centren, herriko kafetegian, euskal herritar ugari biltzen dira, eski jardunaldiaren ostean indarrak berritzera. Jean Pierre Sesque tabernako nagusia kontent agertu da orain arte izan duen bezero kopuruagatik. Hala ere, elurtearen ondotik oraindik jende gehiago joatea espero du. «Asteburuan erreserba asko erori ziren, hotza eta haize indartsuak iragarri baitzituzten. Baina aste honetatik aurrera jende gehiago etortzea espero dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.