Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Elurren bizilekuan, mendi hegaletan gora

Nepalera egindako bidaia kontatzen du Joxemi Saizarrek idatzitako kronikak. Herrialdea bera, herritarrak, Katmandu hiriburua eta Annapurnetako zeharkaldia ekarri ditu ondorengo idatzian.

Annapurnako trekkingean, mandoak zubia pasatzen. JOXEMI SAIZAR / BESTEAK.
Joxemi Saizar.
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bidaia etxetik atera baino egun batzuk lehenago hasten dela diote. Prestakizunekin alegia. Halaxe izan zen nire kasuan ere. Etxeko lanak ondo xamar egin nituela esan daiteke Nepalera abiatu aurretik. Herrialdeaz informatu gida batean: Grezia baino handixeagoa, 29 milioi biztanle, erdiak analfabetoak —hala ere uniformedun ikasle asko ikusi ditugu eskolara bidean—, munduko herrialde behartsuenetakoa, 62 urteko bizi itxaropena, % 68a egunean ehun rupiarekin (euro bat) bizi da, % 85 nekazaritzan (oraindik egurrezko goldearekin, hemen duela 80 urte bezala)… Mendi liburuak mendirako utzi nituen, zortzimilakoen artean girotzeko. Bilera batzuk egin gida eta taldekideekin planaz (Annapurnetako trekkinga), prestakizunez eta arriskuez (altuera gaixotasuna) zerbait jakin… Hemengo kontuak ustez ondo lotuta utzi. Harakoak ustez ondo prestatu. Horrela, konturatu gabe, abiatzeko eguna iritsi zen.

Hegaldi luzea izateak bi lurraldeen arteko mozketa errazteko balio du. Tartean Qatar bezalako herrialde berezi batean ordu batzuk pasatuz, Dohako aireportutik atera gabe, etena areagotu egiten da. Horrela, Katmandun lur hartu eta mundu berrian zaude: arraza, hizkuntza, idazkera, mugimendua, klima, erlijioa, ohiturak, trafikoa… dena da desberdina bat-batean. Trafikoaren eromena batez ere. Hotelerainoko bidea motza baina bizia izan da. Semafororik eta zebrabiderik ez. Autoak, mikrobusak, bizikletak, rickshaw-ak, motorrak… denak batera, lehian, azkar, bozina joz, formula 1-eko lasterketa balitz bezala. Zentimetro gutxigatik elkar saihestuz. Behin baino gehiagotan susto latzak hartuz. Urdaila eztarri zintzurreraino igoaraziz. Oraingoan bai, oraingoan bestea joko dugula burutik ezin kenduz. Lehen kolpea hori izan da lurralde berrira iritsitakoan.

Lore horizko koilarea jarri digute. Gidariak trekkingeko mapa eta komuneko papera oparitu digu. Bizirauteko kit-a. Gauzak hotelean utzi eta kalera irtendakoan hartu dugu bigarren kolpelkada, Thamel auzoan. Usain, kolore eta soinu festa. Dena berria. Dena deigarria. Dena erakargarria. Jendea leku guztietan. Hizketan, builaka, musika autoktonoaren doinuak, trafikoaren zalaparta. Era guztietako dendak bere produktuak eskaintzen.

Hurrengo egunak bisitak egiteko izan dira. Tenplu budistak eta hinduistak. Ezagutu gabeko ohiturak, errituak, otoizkerak, jainkoak. Monumentu ikusgarriak. Stupatik Budaren begiak begira, zelatan. Koloretako banderetan eta biratzen duten gurpil edo errotatxoetan dituzte idatziak otoitzak. Shadus edo hinduisten santoiak hauts gorria kopetean dutela tika bedeinkazioa limosna baten truke ematen. Zein gutxi dakigun beste erlijioez!

Nola ez! Hemen ere euskaldun bat topatu dugu, bertan bizi dena. Kontu batzuk azaldu dizkigu. Nazioarteko inbertsioak eta donazioak direla Nepalen diru sarrera nagusia: Zeelanda Berriak zubiak Marsyangdi eta Kali Gandaki ibaiak behin eta berriz zeharkatzeko, Txinak errepideak, besteek eskolak eta ospitaleak… Japoniak, Australiak, Suitzak… Ondoren dator turismoa. Gobernu ezegonkorra dute, maoistek 240 urteko erregetza ordezkatu zuten, lehen ministroa ezin adostuz daramatzate urteak. Bataz besteko soldata 80 eurokoa da. Langabezia handia dago (% 48) eta % 12a atzerrira joan behar da lanera. Emakumeek euro bat irabazten dute egunean eraikuntzan. 200 umezurztegi daude Katmandun. Jendea atsegina da.

Katmandutik mendietara

Hiritzarra alde batera utzi eta mendira. Horretara etorri gara eta. 140 km egiteko, zortzi ordu autobusez. Taldeko 17ak, Josu gidaria, 10 zamaketariak eta Boras bertako gidaria. Trafikoaren kaosak jarraitzen du. Istripuak eta aberiak bazter guztietan. Kilometrotako ilarak. Lasai. Hirugarren munduan gaude. Lasaitasuna da hemengo errege.

Errepideak eta motordun ibilgailuak egun batzuetarako alde batera utziko ditugu. Hemendik aurrera mendi pista besterik ez dugu topatuko. Parke nazionalean sartzeko eta trekkinga egiteko baimenak lortu eta tarteka txintxo-txintxo zigilatuko ditugu. Garraio guztia bizkarrean egiten dute, soka kopetan jarrita eutsiz: gure motxila handiak, goiko herrietan behar diren janari eta edariak, eraikuntzako materialak, lan tresnak… Hozkailu baten tamainako bultoak bizkarrean. Metroak irabazten goazen neurrira, prezioak ere goraka doaz. Normala. Kilo asko eta diru gutxi eramatearen truke. Ohituta daude. Beraien bizimodua da. Ezin ezer aldatu. Guk behintzat ez. Tarteka mandoak ere ikusten dira ondo zamatuta. Zubi zintzilikatuetatik balantzaka. Yak edo bufalo batzuk, ibaia zeharkatu nahian.

Ibilaldia espero baino erosoagoa da: ordu gutxi, desnibel handirik gabe, pixkana igoz (bistari bistari), eguraldi ona gainera (lehen egunetan galtza motzetan eta sandalietan), jateko eta lo egiteko tokiak non-nahi, txukun xamarrak, taldekide jatorrak, talde giro ona… Zopa, arroza, pasta, ez dira falta. Era guztietako teak ere ez. Horrela ibil daiteke! Pentsa nolakoa den aukera: ustez eskatutakoa eta mahaira ateratakoa ez dira bat etorri bidai osoan. Eta etxetik ekarritako gazta eta urdaikiekin osatu dugu dieta. Atzean gelditu ziren dena gainean eraman beharreko garaiak, otorduak eta loak halamoduzko tokietan egin beharra. Asko erraztu dute. Mendizaleen bataz besteko adina ikusi besterik ez dago.

Chamen futbol partida dagoela esan digute. Igo metro batzuk eta futbol zelaian, aldapan, mutilak ari dira. Chame 3-Dharapani 1. Ondoren nesken partida dator: Chame-Thanchowck.

Igo ahala Himalayako erraldoi zuriak hasten dira agertzen, elurren (sanskritoz hima) bizilekuan (alaia): Dharapanin Manaslu; Pisang-en, urteko lehen elurte aurreratuarekin batera, Annapurna II eta IV; Manang-en Annapurna III eta Gangapurna; Thorung Phedin Annapurna I; Danan Annapurna Hegoa… Beste batzuentzat utziko ditugu horiek. Errespetoa sartzen dute eta. Maurice Herzogek Annapurnan eta Edmund Hillaryk Everesten bizitakoak irakurtzeko aukera izan dut egun hauetan. Paisaia ere aldatzen doa: haran estuak, ur-jauziak, berdea non-nahi, bide ertz arriskutsuagoak… Khangsarren yak batzuk larrutzen ikusi dugu, dozena erdi lagun sokatik tiraka eta gorpua odolusten. Argazkirik ez ateratzea eskatu digute.

Annapurnetako trekkingaren zailtasun bakarra: altuerara egokitzea eta 5.400 metrotan dagoen Thorung La lepoa pasatzea. Egun batean mila metro igo eta beste 1.600 metro jaitsi. Ilunpetan abiatu gara. Sei ordu eta erdi oinez, guztira. Aurreko egunetan pixkanaka moldatu gara altuerara eta, eguraldia lagun, komeria handirik gabe lortu dugu taldekide guztiok gainditzea. Ahuldadea, mareoak, bihotz taupadak azkartuta, baten bat botaka edo zaldiz igo beharra… Oxigeno erdia falta zaigu, itsas mailarekin konparatuz. Nabari da. Pozik gaude denok igo izanaz. Argazki mordoa atera dugu koloretako otoitz bandera ugariren artean.

Xabier Lete gogoan

Handik aurrerakoa ere erraza da: aldapa behera, eguraldi aparta, baldintza onak… Jomsonerako bidean basamortua dirudien paisajea agertu zaigu. Larjung herrian tihar, diwali edo deepawall festa tokatu zaigu: lau egunez beleei arroza eskaini Yama jainkoak bidalitako heriotzaren mezulariak direlako, txakurrei kultua egin hilen ibaian arima gidatzeagatik, eta ondoren behi eta idiei. Kopetan marrazkiak egin eta eskean joaten dira herriko hotel eta dendetan. Lete izeneko herria topatu dugu Larjung eta Ghasa artean, Mustang probintzian, Tibetetik ez oso urruti, 2.500 metrotara, mendi zurien artean. Mendi hegal horietan gora joan al hintzen ihes, Xabier, handik egun gutxitara? Non hago, zein larretan, Oiartzungo artzaina?

Trekkingaren azkenaldera 1.600 metroko beste igoera bat Tatopanitik Ghorepanira, ur termalak probatu eta gero, egunsentia Poon hill-en ikusteko, atzean Himalayako erregeak argia egitearekin batera pixkanaka agertzen doazela: Dhaulagiri, Annapurnak… Atzerago Machhapuchhare, hinduisten Shiva jainkoaren mendi sakratu eta debekatua. Ehundaka kamera milaka argazki ehizan, paradan jarrita. Irudirik politena, ikusgarriena harrapatu nahian. Hernioko erromerian baino jende gehiago. Handik behera hiru mila eskailera maila jaitsi ditugu, suge bideak mendian zintzilikatutako herrixkak uztartuz. Neskatila eskolako lanetan. Irrifar egin digu.

Pokharan, zibilizaziora buelta

Zibilizaziora itzulita, errepideak eta motordun ibilgailuak berriro. Taxietan joan gara, taxisten piketeak mikrobusari gure zerbitzua egitea galarazi ondoren, Pokhararaino. Nepalgo bigarren hiria, turistikoa: denda, hotel, jatetxe, liburu denda, agentzia,ileapaindegi... Bufalo bat paseoan, lasai asko, kale erditik. Ama semeari asteroko bainua ematen espaloian. iargina bezero beldurtia masajeatzen. Mendiko egunetan jateko aukera izan ez ditugun platerak eskura. Haragia jateko aukera gutxi orain arte. Arraina, usaindu ere ez. Tentazio handiegia orain. Zibilizazio betekada.

Besi saharretik Nayapulera hamazazpi egunez bidaide izan ditugun zamaketariak agurtzeko unea iritsi da. Egunean 10 euro irabazi dituzte (1.000 errupia) 20-25 kilo, bi lagunen motxilak, eramanez, eta eskupekoekin, 200 euro inguru guztira, gainontzekoen hiru hilabeteko soldata. Lotokia eta eguneroko dal bhat platera (arroza lenteja zoparekin) doan izan dute. Soberan dugun material hautaketan mendiko botak bukaerarako utzi dituzte. Txankletak edo kirol zapatilak nahiago dituzte mendian ibiltzeko! Tashik aitarentzat makilak hautatu ditu. Mutil jakinzalea, azkarra eta sentibera dela erakutsi digu egun hauetan. Ez da galduko. Agur jaunak! eta Rhesam firiri abestiakkantatu dizkiogu elkarri. Guk ere jaso ditugu opariak: Behobia-Donostia lasterketa da eta ekitaldi askotan ateratako batzuk gara taldean. Gogorarazteko eta adarra jotzeko, kamiseta bana eman digu Josu gidak. Boras bertako gidak beste opari bana taldekide guztioi: lepoko zapiak neskei, kamiseta bordatuak mutilei. Horixe bakarrik falta genuen!

Katmandura abiatu eta bide erdian Annapurnetako zirkulua itxi dugu. Behiak, rickshaw-ak, motoak, autobusak... saihestu ondoren iritsi gara. Atera mikrobusetik, eta dendaria haserre parean aparkatu dugulako. Petateak hartzen ari garela, gaztetxoek zetazko poltsak eta zintzilikarioak eskaintzen dizkigute prezio merkeegian. Hotelean, te beroa zain. Bueltatu kalera eta rickshaw-ak ia harrapatu nau. Plastikozko botilaz egindako bozina jo du. Espabilatu beharko dut. Hiriburuan nagoela, ez mendian! Sari gorri-gorriko emakume bat begira. Txoko batean lauzpabost gaztetxo kola esnifatzen. Gaztaroaren nirvana. Dendariak, «hola Coca Cola» esaka. Zahar bat herrenka makila oker baten gainean. Ez da samurra zahartzaroa. Are gutxiago Nepalen. Musika lasaia ateratzen da dendetatik. Ume hankazikin bat pixa egiten kale erdian. «Namaste!», esaten dit. A zer kiratsa inguruan! Kolore eta marka guztietako jantzi polar eta lumadun, poltsa, galtza... denda gehienetan. Egiazkoak eta faltsuak. Euro batean egin dugu bazkaria. Orain sandalo usaina dator. Eskerrak! Motoa ondotik brrrum eginez. Begiak zabalik ditut ala ametsetan ari naiz?

Hegazkinak itzuli gaitu ametsetik errealitatera ziztu batean. Beste ordu mordoa bidaia bukatu eta eguneroko lanetara itzuli garela konturatzeko. Baina bidaia ez da bukatu, haren arrastoak luzaro iraungo duelako gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.