Bermeotarrentzat egun berezia da Madalen eguna, Izaro uhartea beste urtebetez eurena dela berresten dutelako jaietako egun garrantzitsuenean. Atzokoan ere, ez zuten uhartea galtzeko inongo asmorik erakutsi, eta berriz ere joan ziren itsasoko prozesioan euren mugak zeintzuk diren argi eta garbi uztera.
Goizeko lehen orduetako lainoek eguraldi petrala izango zela erakutsi zuten. Herritarrak, hala ere, kalean ziren ordurako, denak ere mahonezko arropa soinean zutela. Egunak hala eskatzen zuen, urdin iluna. Eta azkenerako, eguraldiak ere kolore horixe hartu zuen, bermeotarrei giro ederra eskainiz.
Tradizioari jarraiki, goizeko 10:30ean abiatu zen udal korporazioa Santa Eufamia elizaraino. Mezatik irteterako, ehunka herritar Urdaibaiko traineruaren aldeko eranskailu laranjak banatzen ari ziren. Danok Bermeo-Urdaibaien alde zioen pankartaren atzetik egin zuten eliza ataritik portura arteko bidea, euren arraunlariei babesa emanez, dopajearen aferan eurekin daudela gogoraraziz beste behin ere.
Behin portuan, irrintzi saio polita entzun ahal izan zen, udaletxeko batzarkide eta gonbidatuak Izaro uharte pareraino eramango zituen Almikeko Ama itsasontzira sartzen ziren bitartean. Ordurako beste hainbat itsasontzi, txalupa txiki eta Urdaibaiko trainerua ere uretan ziren, ontzi ofizialarekin batera itsasora bideratzeko zain. Handik ere irrintzi, txalo, oihu eta animo deiadarrak jaso zituzten udaleko ordezkariek. Baita aldarrikapenak ere. Belaontzi batetik, esaterako, Talapeko eskailerak konpontzeko eskatu zuen gazte talde batek.
Bermeo, Urdaibairen alde
Uretan murgildu bezain laster, bermeotarren egonezina areagotzen hasi ziren. Horretarako, ingurura begiratu besterik ez zegoen. Beste batzuk, ordea, itsasontziko bidaiarengatik zeuden arduratuta. «Sekula ez dut arazorik izan itsasontzian ibiltzeko, baina orain bi urte mareatu egin nintzen, eta orain pilulak hartzen ditut», aipatu zion gizon batek bere lagunari. «Nik ez ditut sekula hartu beharrik izan! Gaur, gainera, are gutxiago, nerbioekin nahikoa daukagu eta!», lagunaren erantzuna.
Izaro ingurura iristen ari zen itsas prozesioa, eta dagoeneko uhartean hiru lagun ikus zitezkeen. Eurak izango ziren ikurrina eta Bermeoko bandera han jarriko zituztenak. «Txo, uhartea gaizki xamar zainduta daukazue ala?», esan zion orduan elantxobear batek bermeotarrari. «Egia, baldosaren bat edo jarri beharko diogu, apur bat ederragoa ikus dadin...».
Madalena eguna Bermeo, Elantxobe eta Mundakaren sebidetasun festa da, eta atzokoan berriro garbi geratu zen hala dela oraindik ere.
Izaron banderak jarri berritan, itsasoan zeuden guztiak aztoratu egin ziren, uhartea beste urtebetez eurena izango dela ospatuz. Baina muga nonbait jarri behar da, eta horretarako ardura hartu zuen Idurre Bidaguren alkateak (Bildu). Teila bat hartu, eta «honaino heltzen dira Bermeoko itxuginak» oihu eginez, itsas hondora bota zuen. «Etxe bateko teilatua egiteko adina teila egongo dira hor behean. Egunen batean bildu beharko genituzke», zioen herritar batek. Aurtengo teilak, ordea, badu berezitasunik, XII. mendeko baserri bateko teila baita. «Herritar batek ekarri zigun berezitasun gisa, eta hori bera botatzea erabaki genuen», zioen Bidagurenek.
Hasiberrien urtea
Alkateak estraineko aldia zuen teila itsasora botatzen, eta era berean, emakume batek ardura hori hartzen zuen lehen aldia izan zen baita ere. «Madalenei ukitua emateko», zioen. Bidaguren ez zen hasiberri bakarra izan ordea. Hemeretzi gazte bermeotarrek itsasontzi ofizialetik ikusi ahal izan zuten atzoko ospakizuna. Estraineko urtea da udalak herritarrei itsasontzi ofizialeko atea zabaltzen diela, «aurreko urteetan eskaerak egon ziren arren», Ixone Aiestaran gazte horietako baten hitzetan. Aurreko urteetan alboko itsasontzietatik bizi izan du Aiestaranek festa, eta aurten ospakizuna bertatik bertara ikusita, «sekulako poza» sentitu du. «Tximeletak ditut sabelean urduritasunarengatik», zioen.
Jaia, ordea, ez zen Izaroren parean amaitu, ezta inondik ere. Elantxobetarren harrera eta bazkaria jaso ondoren, Mundakara abiatu baitziren Almikeko Ama itsasontzian. Hiru herrien senidetasuna beste urte batez lotu ostean, Bermeon goizaldeko ordu txikiak arte sekulako festa giroa egon da. Hori guztia, uhartea eurena dela ospatzeko, baina urtebetez bakarrik. Datorren urtean, berriz joan beharko baitute jabetza hori berrestera. Inork ez du, ordea, aitzakiarik jarriko.
Emakume bat, lehen aldiz
Itsaso hondora beste teila bat gehiago bota dute bermeotarrek Izaro uhartea eurena dela gogorarazteko. Elantxobe eta Mundakarekin duten senidetasuna berretsi zuten atzo, jai giro ederrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu