Emakume zientzialariak gogorarazteko zikloa

'Emakumeek zientzia egiten dute' hitzaldi zikloa hasiko da gaur; azaroko ostegunetan izango dira solasaldiak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Emakumeek zientziarei egin dioten ekarpen «handia» gogorarazteko hainbat hitzaldi emango dituzte gaur hasi eta azaro osoan, Bilboko Bidebarrietako liburutegian. EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Marta Macho eta Maria Jesus Irabien matematika eta geologiako irakasleek Emakumeek zientzia egiten dute hitzaldi zikloa antolatu dute, liburutegiarekin elkarlanean. Gaur izango da lehen hitzaldia, Maria Luisa Maillard Garcia Madrilgo emakume unibertsitarioen elkarteko (AMMU) presidentearena. Rita Levi-Montalcini, zientziari maitasuna eta konpromisoa izenburupean, zientzialari italiarraren bizitzaren inguruko zertzeladak eskainiko ditu, 19:30ean.

Horrez gain, beste hiru hitzaldi ere egingo dituzte azaroko gainerako ostegunetan. Hilaren 15ean, esaterako, Nobelik jaso ez duten emakumeen inguruko hitzaldi bat eskainiko du Maia Garcia Vergniory Alemaniako Max Panck de Halle fisika institutuko doktoreak. Aste bat geroago,Mercedes Gonzalez Moreno kimikariak Albert Einsteinen lehen emaztearen inguruko hitzaldia eskainiko du Mileva Maric: erlatibitatearen teoriaren baztertu nagusia lelopean. Besteak beste, Einsteinen teoria entzutetsuari aipamen azpimarragarria egin ziola onartzen diote hainbatek. Hitzaldi zikloa amaitzeko, Emakumeak informazio eta komunikazio teknologietan, ezberdintasun historia izeneko hitzaldia emango dute Bidebarrieta liburutegian. Rocio Raya Pridak eskainiko du solasaldia; Geografia eta Historian lizentziaduna eta Granadako Unibertsitateko informatika eta telekomunikazioko liburutegiko zerbitzuen buru da. Hitzaldi guztiak emakumeek emango dituzte, emakumeen irudia ez ahazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.