Emakumeak, festen jabe

Historian lehenengo aldiz, bi emakume arituko dira aurten Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera lanetanAmagoia Loroño musika zuzendaria izendatuko dute ohorezko bilbotar

Virginia Berasategik pregoia irakurri, eta Nerea Orizaolak txupina botako du Bilboko Aste Nagusian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusian, Virginia Berasategi sona handiko triatloilaria eta Nerea Orizaola Zaratas konpartsako kidea egongo dira Arriaga antzokiko balkoian. Berasategik pregoia irakurriko du, eta Orizaolak txupinari su emango dio larunbatean. Gero, bederatzi egunez, jai giroa eta algara hedatuko dira hiriko kale kantoi guztietatik.

Atzo aurkeztu zituzten pregoilaria eta txupinera hedabideen aurrean.Hala, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak azaldu zuenez, emakumeak Aste Nagusiko andre eta jabe izango dira. «Urduri eta ohore handiz». Horrela jaso dute erantzukizuna Berasategik eta Orizaolak, ospakizunetarako arropak jantzita azaldu zutenez.

Larunbatean, jaiei hasiera emango diete Arriaga antzokitik, azken hamabi urteetan bezala. Lehenago, Plaza Barrian irakurtzen zuten pregoia eta jaurtitzen zuten txupina, baina aspaldi geratu zen txiki.

Arratsaldeko zazpiak baino minutu batzuk lehenago, Berasategik pregoia irakurriko du antzokiko plazan bilduko diren milaka lagunen aurrean.Bukatzen duenean, zazpiak puntu-puntuan, Orizaolak su emango dio txupinari, eta, horrela, festei hasiera ofiziala emango die.

Hortik aurrera, dibertsioz betetako bederatzi egun luze eta alai hasiko dira. Bizkaiko hiriburura joaten diren gazte eta ez hain gazteek musika ekitaldiak, txosnak, antzerkiak eta beste hainbat jarduera izango dituzte aukeran. Izan ere, aurtengo egitarauak ekitaldi mordoa biltzen ditu, 300 baino gehiago.

Pregoilaria eta txupinera

Urteak pasa ahala, Aste Nagusiko bi pertsonaia horiek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute. Txupinerak, gehienbat, hasierako txupina botatzeaz gain, egunero 10:00etan suziria bota behar baitu jaietako egun berri bat hasteko.

Bilboko konpartsek eta udaleko ordezkariek osatutako batzorde mistoak hautatzen du pregoilaria. Txupinera, berriz, konpartsakideek izendatzen dute. Pregoilariaren lana gizon zein emakume batek egin dezake. Txupinerak, berriz, nahitaez emakumea izan behar du beti.

Berasategik eta Orizaolak guda karlistan oinarritutako uniformea jantziko dute bederatzi egun horietan. Berasategik, frak jaka hori bat puntako txapeloker beltz batekin eramango du; horrez gain, gerriko zuria eta galtza edo gona zuria egunerako, eta beltza zeremonietarako. Txupinerak, berriz, lepo beltza duen kasaka gorria, gona beltza, txapel gorria eta zapata beltzak jantziko ditu.

Ohiturari jarraikiz, hiriko Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteak hartuko du arropa horiek egiteko ardura. Aste Nagusia sortu zenetik —duela 34 urte—, hala egin dute.

Larunbatean, txupina bota baino lehen, Arriaga antzokiaren sarreran ohorezko aurreskua egingo dute, eta gero, gonbidatuak eraikin barrura sartuko dira. Botereen eskualdatzea egingo dute han iazko pregoilariak eta txupinerak aurtengoekin. Jarraian, Amagoia Loroñori emango diote ohorezko bilbotarraren titulua.

Loroñok hamabi urte daramatza Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gisa. Pianoa, akordeoia eta armonia ikasi ditu. Haren aita Josu Loroñok sortutako musika eskolako irakasle ere bada. Orkestran hogei urte eman ditu lanean, zuzendari izendatu zuten arte. Saria eman ondoren, jaietarako zapia lepoan jarri, eta Marijaiari behar bezalako harrera egingo diote.

Jai Batzordeak, Bilboko Konpartsek eta udalak hiritarren laguntza eskatu dute txupinazoa garbia izan dadin. Iraganeko irin eta arrautza jaurtiketa amaitu nahi dute, ohitura hori «bilbotarrena ez delako», Itziar Villafañez konpartsetako bozeramailearen esanetan.

Bilbo apaintzen

Urtero legez, hiriko kaleak argiz apainduko dituzte. Horretarako, 200 led argi eta 8.000 metro inguruko koloretako hariak erabiliko dituzte. Argiak larunbatean bertan piztuko dituzte.

Aurten ere, ohiko irudiak jarriko dituzte, hala nola dantzariak, gargantuak, erraldoiak eta Marijaiak. Dena den, Marijaiak berritu egin dituzte: aldeak ezberdinak izango dira, eta dirdira egingo dute. Horrekin batera, hamabi pilotari berri jarriko dituzte Nafarroa kalean.

Bestalde, Bilboko hainbat gunetan sei totem jarriko dituzte. Horietan, QR kode bana egongo da jaiei buruzko informazio guztia sakelako telefonora deskargatu eta bertatik irakurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.