Osasuna. Sexologia

Emakumeok gozatzen!

SEGUNDOASEGUNDO.
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ba al dakizue? Emakume askok kasualitatez ikasi dute orgasmora heltzen. Adibidez, txikitan txizari eutsiz, indartsu izterrak elkartuz eta alua uzkurtuz. Edo baserriko zutabeetatik jaitsiz eta alua ondo itsatsita zutabera igurtziaren igurtziz. Edo etxeko sofaren besaulkiaren kontra alua igurtziz… Eta ba al dakizue nagusitan eskuarekin saiatzen direnean oso zaila egiten zaiela? Ai, baina bestelako igurtziaz, Ilargiraino eta buelta.

Ba al dakizue zenbat neskatilak ikasi zuten beren lagunarteko beste neskato batekin gorputzen elkar joko gozagarria? Askok sekretutzat daukate, batzuek oroitzapen gozagarritzat, larregik lotsagarritzat... Baina euren erotikaren eta sexualitatearen garapenean ezinbesteko lekua!

Ba al dakizue oraindik badaudela neska edo emakume eta mutil edo gizon emakumeon plazera eta orgasmoa koitoarekin lotuta daukatenak eta oso txarto sentitzen direla euren buruekin koitoaren bidez ez dutenean gozatzen gura bezainbeste? Uste dute arazoren bat dutela edo ez dakitela koitoa behar den moduan egiten.

Ba al dakizue askok pentsatzen dutela mutiko txikitxoek bai gozatzen dutela, zakila kanpoan daukatelako eta errazagoa delako haientzat zakilarekin jolastea, baina neskatoena beste kontu bat dela? Arrazoia daukate, baina ez guztiz. Hau da, denon ikasteko joera ikerkuntza da. Norberaren gorputza eta aldamenean dauden gorputzak eta objektuak euren jomuga bihurtzen dira. Joko horretan, bakoitzak bere gorputzen sentsazioaz ikasten du, plazera eta orgasmoa lehenetarikoak izanik. Mutikoen zakilaren erekzioak, erreflexu automatiko bat ere badenez, berehala hartzen du umeen arreta; gainera, gehienen artean mutilaren jolasteko era dibertigarria dirudi. Neskatoek txikitatik ere bide ugari dauzkate plazeraz gozatzeko, eta askotan batzuen harridura edo jarrera ezkorra da aurkitzen duten oztopo bakarra. Gerora begira ere emakumearen eta plazeraren arteko loturak nahiko gorabeheratsuak dira.

Ba al dakizue askok uste dutela emakumeok desio gutxiago daukagula eta orgasmo gutxiago edo zailtasun gehiago orgasmora heltzeko? Agian, oraindik ez dugu zabaldu lau haizeetara (ez dugu zertan ere!) zelan ikasten dugun bidaia hori, eta behin ondo ikasita di-da batean lortzen dugula gura duguna. Are gehiago, orgasmotan hasiz gero, batzuek bata bestearen atzean dauzkate. Desioaren kontua korapilatsua bada ere, askotan galdera ez da zenbateko desioa daukagun (ez dakit norekin konparatuz), zeren desioa daukagun baizik. Seguru nago auzia beste modu batean kontatuko genukeela, ezta?Arroza jatea gustuko ez daukagunean, Arzakek egiten badu ere…

Ba al dakizue askok badakiguna baina emakumeoi gutxitan azaltzen digutena? Plazerak sortutako endorfinak oso asebetegarriak direla, baita oso lasaigarriak ere. Masturbazioa oso jokabide lasaigarria eta atsegingarria da. Tentsioz bizitzen ditugun boladetan (azterketak, bilera garrantzitsuak, familiaren pisua, bikotekidearekiko tirabirek… eraginda) eta estresa, loezina, gorputzaren gogortasuna, nekea lekuko direnean, oso antsiolitiko gomendagarria da goxotasunez masturbatzea. Zergatik ez digute esaten medikuaren kontsultan edo belar dendetan edo farmazietan?

Ba al dakizue oraindik errazago azaltzen diogula gure 12 urteko alabari hilekoaren minaren kontrako farmakopea, masturbazioaren onurak baino? Edozelako anti-inflamatorioak edota analgesikoak saltzen dizkigute gure minak, nekeak, egonezinak kentzeko. Ze gutxitan kontatu digute orgasmoa lortuz gero umetokian izaten diren kontrakzioak oso lagungarriak direla mina baretzeko eta isurtzen ditugun endorfinek barneko tentsioa baretzen dutela!

Emakumeok zeuon intimitatean, zirkulu txikietan, eskolan, kalean, kuadrillan…. partekatu zeuon ezagutza, zeuon trikimailuak, zeuon gozamenak… hain mesedegarria da!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.