MARATILA

Entsaladaren dieta

Ane Muñoz.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hitza ahoskatze hutsak ze hotza ematen duen, ezta? En-tsa-la-da. Egia da udazken gris honetan babarrunez, porrupatataz edo kozido maragatoaz hitz egitea aproposagoa litzatekeela, baina zer egingo diogu, azken finean modan dago eta urte osoan zehar jaten dugu. Hotza izanik ere, erosoa baita, merkea, goxoa, aukera anitzekoa...

Entsalada egunero jaten duen ezagun bat dut. Aurkikuntza ikaragarria dela dio, eta ba omen darama sei hilabete besterik jan gabe; gosariak salbu, jakina. Oso osasungarria izateaz gain, soberan omen zituen kiloak kentzeko modu erraza zelakoan egin zen hostojalea. Errespetu osoz, edo telebistako piztitzarrek dioten bezala «errespetutik», aspergarri eta errepikakorra iruditzen zitzaidala aitortu nion behin. Besteak, ezetz, egunero osagarri ezberdinetakoak egiten dituela azaldu zidan, harro.

Bere etxean bazkaltzera gonbidatu ninduen hartan «menu sorpresa» prestatuko zuela agindu zidan. Entsaladaren dietarekin jarraitzen zuenez, ez nuen ezusteko handirik espero. Oker nengoen ordea, ezustekoa mundiala izan baitzen: entsalada erraldoi bat aurkitu nuen mahaian,Caesar modukoa, rukula, kanonigo eta hamaika letxuga mota ezberdinen erromeria galanta; ogi pusketa txigortu eta oilasko zatiak, bexamelez betetako kroketatxo betegarri batzuk eta hirugihar frijitu pila gainean. Guztia lau gaztaren erara aurkeztua. Platera gainezka, maionesa antzeko saltsa zuri lodi batez estali zuen. Toutatisek babes gaitzala!

Ez nau harritzen argaldu ordez lehen baino gizenagoa egotea, ozpina, olioa eta gatza daraman edozeri entsalada deitzen dio-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.