Sanferminak hasteko hilabete bat gelditzen da, eta festarako prestatzen hasi da Iruñea. Prestaketa horien lehen iragarlea, entzierroko hesiak. Atzo jarri zituzten zurginek lehen zutoinak Santo Domingoko ukuiluetan, eta ibilbide osoa eginen dute uztailaren 6a iristerako. Alde Zaharreko kaleetako denda batzuk ere hasiak dira erakusleihoak zuri-gorriz janzten, eta iruindarrei ere hasi zaie jai handien aurreko ezinegona eta urduritasuna sumatzen.
Goizeko zazpi eta erdiak izan arren, lanerako prest dira Garesko Hermanos Aldaz zurgindegiko langileak. Kamioia zurez beteta ekarri dute Santo Domingo aldapara, eta egur zatiak ibilgailutik banan-banan jaisten hasi dira. Zurgindegiko nagusietariko bat da Iñigo Aldaz, eta urtero sanferminetako hesiak jartzen aritzen diren langileetariko bat. «Lana ez da zaila, baina zur pieza bakoitzak bere tokia du, eta ezin duzu beste inon jarri ez delako behar bezala egokitzen», dio. Hesiaren oso pieza gutxi aldatu behar izan dituzte, eta joan den urtean kokatutakoak dira aurten jartzen ari diren zutoinetariko asko. «Egurra ongi babesteko, hainbat tratamendu ematen dizkiogu: gatzaren kontrakoa, kasu. Hori dela eta, egurrak askoz denbora gehiago irauten du. Hamar edo hogei urte ere badituzte jartzen ari garen batzuk. Apurtzen direnean aldatzen ditugu bakarrik».
Hogeita bi urte daramatzate Hermanos Aldaz zurgindeko langileak entzierroko hesiak jartzen. Urtero bete beharreko legea da muntatze lana haientzat. «Ohituta gaude, urtero garai honetan egin behar den lana delako», gaineratu du Iñigo Aldazek. Kamioitik hesiaren zutoin bat hartu, jaitsi eta lurrean dagokion lekuan sartu du. Hori izanen da hurrengo asteetan behin eta berriz egingo duen lana. 900 bat zutoin, 2.800 taula, 4.000 ziri, 40 ate... jarri beharko ditu, bere lankideekin batera, entzierroko ibilbidea osatu arte. Lan gehien eguraldiak ematen die. «Beroa egiten badu, oso nekagarria da, batez ere itzalik ez dagoen zatian ari bazara».
Festa iragarle
Atzoko egunean Santo Domingoko ukuilua jarri zuten. Zutoinak eta hesiak jarri ondoren, haiek ixteko hesitegi handiago batzuk ere jarri zituzten. «Zezenak hesiaren bestaldea ikus ez dezan jartzen ditut». Sanferminak bukatu arte ez zaie lana faltako Aldaz zurgindegiko beharginei. Uztailaren 6ra arte, egunero, zortzi orduz ariko dira lanean hesiaren zatiak jartzen. Asteotan, hiru lagunen lana izanen da hori, baina sanferminetan, 80 lagun ariko dira entzierroko hesia jartzen eta kentzen. «Orain gutxika-gutxika goaz, baina sanferminetan egunero ordu erdian muntatu eta kendu behar izaten dugu ibilbide osoko hesia», ohartarazi du Aldazek.
Baina hesiak adardunetatik babesteko ez eze, jai handien iragarle dira iruindar askorentzat. «Jaiak gainean ditugula ohartarazteko balio digu hesiak», dio zurginen lanari begira dagoen gizon heldu batek. Zurginen lanari begira ez daude ez bat eta ez bi lagun. Interesa pizten du urtero iruindarren eta bisitarien artean. Entzierroko ibilbidea ikusten ari diren bi turista argazkiak egiten ari zaizkie. «Ez genekien hesiak hain goiz jartzen hasten zirenik», dio Kolonbiatik oporretan etorritako bikote batek. Haien pena bakarra, sanferminetan egoteko aukera ez izatea. «Zezenak atera baino lehen egoten diren ukuilua behintzat eramanen dugu oroimenean», diote.
Entzierroa prestatzen
Jarri dituzte Iruñeko sanferminetan entzierroko ibilbidea ixten duten hesien lehen zatiak, Alde Zaharreko Santo Domingoko aldapan; hilaren 6ra arte arituko dira horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu