Epaile gogor eta dotorea

Zegama-Aizkorri maratoiak erabakiko du, igandean, Munduko eta Euskal Herriko Kopako irabazleak nor diren

2007ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Mendiko lasterketen denboraldiak nekez aurkituko du agurrerako agertoki ederragorik. Zegama-Aizkorri VI. Mendiko Maratoia jokatuko da igandean, eta bertan erabakiko da aurtengo Munduko Kopako eta Euskal Herriko Kopako txapeldunak nor izango diren. Ibilbidea urterokoa da, probaren eguna aldatu da: udaberriari udazken hasi berriak hartu dio lekukoa aurten. Gogortasuna eta edertasuna, ordea, betikoak ditu. Errukirik gabeko azken epaia emango du igandean Zegama-Aizkorrik.

Ibilbidean ez da aldaketarik. Zegamatik abiatu eta Aratz eta Aizkorriko mendilerrotik barrena ibiliko dira lasterkariak. Ibilbidean Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri tontorrak pasatuko dituzte. Laburbilduz, ibilbide teknikoa eta zailtasun handikoa. Zegama izango dute abiapuntu eta helmuga, eta 42,192 kilometroko ibilbidea osatzeko, zortzi orduko epea. Behin abiatuta, korrikalariek izango dute zangoetako giharrak non zaildu, non estutu. Aratz gaina izango dute lehenengo jomuga, malda gora etengabean. Handik Sancti Spiritusera jaitsiko dira, eta jana eta edana izango dute han. Indarrak berritzea komeni, eguneko igoera gogorrenari ekin aurretik: Aizkorrikoa. Sancti Spiritusetik Aizkorrirako tartea ez da luzea-bi kilometro baino ez-, baina 500 metroko desnibela gainditu beharko dute zati horretan.

Aizkorriko puntatik Urbiara jaitsiko dira, baina aurrez ibilbideko puntu garaiena pasatu beharko dute: Aitxuri (1.551 m.). Urbiarako jaitsiera pikoa da. Hori dela eta, eguraldiak zeresan handia izango du lasterkarien jaitsieran. Tentuz jaitsi beharrekoa da, euria eginez gero. Urbiako zelaiak pasatuta, mendi maratoiko azken igoera izango dute aurretik: Andraitz. Ez da igoera gogorrena, baina ordurako nekea pilatuta izango dute korrikalariek. Handik Zegamara 10 kilometroko jaitsiera. Indarrak erabat xahutu gabe dituzten lasterkariek gozamena eta sufrikarioa partekatuko dituzte; larri dagoenak, berriz, kalbario latza izango du Zegamako helmugarainoko bidea, benetako penitentzia.



428 LASTERKARI. Buff Sky Runner Munduko Kopako azken proba denez, txapelduna nor den erabakiko da igandean. Espezialista onenek eman dute izena, nahiz eta azken orduko hutsuneak badiren. Gizonezkoetan, esaterako, iazko irabazle Ricardo Mejia mexikarrak, Agusti Roc katalanak eta Fulvio Dapit italiarrak ez dute parte hartuko, behar bezalako sasoia ez dutela arrazoituta. Baina horrek ez du probaren distira baldintzatuko. Munduko Kopako sei lasterketa jokatuta -Alpeetan eta Pirinioetan bina, Malaysian eta Japonian- katalanen nagusitasuna erabatekoa da: lehen bost sailkatuetatik lau herrialde hartakoak dira. Tofol Castanyer, Killian Jornet eta Jessed Hernandez lehiatzeko gogoz etorriko dira. Azken proba denez, lehenengo hamar sailkatuek puntuazio bikoitza izango dute.

Munduko Kopan 7. eta 8. postuan dira Ionut Zinka eta Fernando Etxegarai, Euskal Mendizale Federazioak bultzatutako selekzioko kideak. Haiek ez ezik, eta Euskal Herriko Kopako lasterketa izanik, etxeko lasterkari onenak bilduko dira Zegaman. Zuhaitz Ezpeleta, Jabi Olabarria, Jose Felipe Larrazabal... Luzea da zerrenda.

Emakumezkoetan iazko irabazle Angela Mudge eskoziarrak parte hartuko du, eta baita Munduko Kopako lider Stephanie Jimenezek ere. Corinne Favre, Anna Serra, Monica Ardid... aintzat hartzeko izenak dira, eta baita euskal lasterkariak ere: Alizia Olazabal, Alizia Romero, Helena Perez... Hogeita hamarretik gora emakume abiatuko dira Zegamatik.

Mendiko lasterketek indar hartu duten isla da Zegama-Aizkorri. Lasterkariek eskainiko dute ikuskizuna, baina baita haiek animatzera joango diren milaka zaleek ere. Antolatzaileen lan ona ziurtatuta, eguraldiak biribilduko luke igandeko festa.



ZeGama-AIzKorrI

Irteera: Zegama.

Ordua: 09:00.

Helmuga: Zegama.

Ordua: Lehen lasterkaria, 13:00 inguruan.

Distantzia: 42,195 km.

Pasagune kontrolak: 14.

Jan-edari postuak: 13.

Tarteko helmuga: Aizkorri (22,58 km).

Desnibel metatua: 5.472 metro.

Gehieneko altuera: Aitxuri (1.551m).

Gutxieneko altuera: Zegama (256m).

Gehieneko denbora: 8 ordu.

Errekorrak: Gizonezkoetan Rob Jebbek (2005): 3:54:18. Emakumezkoetan Angela Mudgek (2006): 4:43:04.

Parte-hartzaile kopurua: 428.

Ordutegia:* Zegama, 09:00.

Sancti Espiritu, 10:45-11:00.

Aizkorri, tarteko helmuga: 11:15-11:30. Helmuga, 13:00.

*Lehen lasterkariei aurreikusitakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.