Manuel Iradierren heriotzaren mendeurrena gogoan, esploratzaile eta abenturazalea oroitzeko ekitaldi sorta zabal bat egiten ari dira Gasteizen. Hitzaldi, ibilaldi-gidatu eta emanaldi artean, berriki ireki dute Mito baten ehun urteak erakusketa, Caja Vital Kutxaren Fundazioa aretoan. Manuel Iradierren ibilera eta bizitzaren berri hainbat eremutatik jasotzeko bide egiten du erakusketak: Iradierren haurtzaroa eta nerabezaroa; Gineara egin zituen bi bidaiak; esplorazioari lotutako liburu, agiri, mapa eta bestelako tresneria; Araban egin zituen esplorazio xumeagoen lekukotzak... Urriaren 9a bitartean irekiko dute erakusketa; 18:30etik 21:00etara, astegunez, eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara, igande eta jai egunetan.
Erakusketarekin bat eginez, Manuel Iradier ardatz duen hitzaldi eta emanaldi zikloa ere prestatu dute. Asteazkenetan izango dira saioak, 19:00etan, Dendaraba merkataritza gunean Vital Kutxak duen aretoan. Atzo izan zuten estreinako saioa, Cristina Moratoren eskutik, eta hilaren 22an egingo dute bigarrena: La Vitoria de Iradier hitzaldia egingo du Jose Maria Ortiz de Orruño EHUko Historia irakasleak, eta Cobra verde ikus-entzunezkoa eskainiko dute ondoren.
Ikuspegi anitzetatik
Astez aste joango dira Iradierren bizitzari buruzko zertzeladak eskaintzen. Hilaren 29an, esaterako, Iradierrek jomuga izan zituen Gineako tribuetako ohitura eta musikak ezagutaraziko ditu Isabela de Aranzadi antropologoak. Urriaren 6rako, berriz, Manuel Iradierren birbiloba Alvaro Iradierrek 1989an Gasteizen sortu zuten Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak azken urteetan Afrikako hainbat eremutan garatu dituen lankidetza lanen berri emango du.
Erakusketa, emanaldi eta hitzaldiak mendeurrenean
Manuel Iradierren izena eta izana ezagutarazteko ekitaldi sorta zabal bat prestatu dute datozen asteetarako Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu