Maratila

Erantzungailu harrigarria

Ane Muñoz.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Hamaika ikusteko jaioak ginela banekien, baina entzuteko ere, hamabi ez direnean… jesus, dantzan dauzkat belarri barneak! Zertarako den inori axola ez badio ere, goizean dei garrantzitsu bat neukan egiteko. Ustez zalantzak argituko zizkidan agentziara deitu eta, alferrikako bi deiren ostean, erantzungailu nekagarri horietako batekin egin dut topo: «Zure deiaren arrazoia hau bada, sakatu 1, beste hori bada, berriz, sakatu 2, beste hura…», zera, zortzi bat aukera eman dizkit, baina niretzat aproposa batere ez. Konturatu orduko erantzule robotikoak eskegi egin du. Kontxo. Zenbaki hori lortu zidan lagunari beste aukeraren bat zeukan galdetzeko deitu diodanean, berriz, «bai, esan?», hasi natzaio esplikatzen eta… to, minutu erdiko txapa sartu diodanerako, «karkarkar, erantzungailuarekin ari zara, oi zu inozoa, karkar». Hara, gaur ez da ba deiak egiteko egunik aproposena!

Baina hori ez da deus jarraian entzun behar izan dudanaren ondoan. Inork kasurik egiten ez zidala ikusita, zuzenean kontsulatura deitzea bururatu zait. Kubako kontsulatura. Hor ere erantzungailua prest. Gizonezko baten ahotsak zera bota dit, kubatar azentu tipikoaz: «Zure deiaren arrazoia Fidel Castrorekin demokraziaz hitz egitea bada, itxaron beharko duzu, gaixorik baitago gizajoa. Raul Castrorekin arrazionamendu txartelaz hitz egin nahi baduzu, halaber, itxaron beharko duzu, jadanik ezer geratzen ez zaigunez, zertarako gaiaz mintzatu?». Ein? Ondo entzun al dut?

Aurkezpen surrealista horren ondoren, nire mezua uztekoaukera eman dit, baina ezin, mutu utzi nau eta. Hau da hau umorea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.