Ezarian. Erasmus bekak

Erasmus bekak, arriskuan?

Erasmus programari esker, atzerrian egiten dituzte ikasketen zati bat Euskal Herriko ikasle ugarik, eta askotan ezinbestekoak dira diru laguntzak. Arriskuan egon daitezke laguntzok krisi ekonomikoaren testuinguruan.

Gero eta ikasle gehiagok parte hartzen dute nazioarteko Erasmus programetan. BERRIA.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Albiste batek piztu zuen sua hilabete hasieran: Europako Batasuna Erasmus bekak ordaintzeko diru gabe geratzeko zorian dago. Aditzear eman zutenez, ezinbestekoa da aurrekontua murriztea, eta horrek mugitzeko aukeretarako diru laguntzetan eragin zuzena izango luke.

Unibertsitateek ezustean jaso zuten berria. Ikasleak kezkatuta geratu ziren, ikasketak atzerrian osatzeko asmoa zapuztuta gera zitekeen beldurrarekin. Mugikortasun arduradunengana jo zuten zalantzaz josita. Lehenengo egunak kaotikoak izan ziren, jendeak ez zekielako zer gertatu behar zuen bekarekin. Hala, Euskal Herriko unibertsitateek ikasle eta gurasoak lasaitzeko ardura hartu zuten. Berehala hitz egin zuten, sutea amatatu eta urak bere bidera itzultzeko asmoarekin. Euskal Herriko Unibertsitateak, ohar baten bidez, garbi utzi zuen 2012-2013ko ikasturteko diru laguntzak guztiz bermatuta daudela. Gainontzekoek ere mezu bera helarazi zuten: «Ez dago larritzeko arrazoirik, jada Erasmusen dauden ikasleek diru laguntza jasotzen jarraituko dute, eta bigarren lauhilekoan atzerriko unibertsitate batean ikasiko dutenek ere bermatua dute dirua».

Izan ere, EBk diru laguntzen %80 ematen die unibertsitateei ikasturtea hasi aurretik. Hori dagoeneko esku artean dute. Gainontzeko dirua ikasturtea amaitutakoan jasoko dute, uztailean gutxi gorabehera. Urtero desberdina da ikasleek jasotzen duten diru kopurua, aurrekontuaren arabera. Aurten, ikasle bakoitzak hilean 110 euro jasoko ditu Europako Batasunak beka bidez emandako laguntzatik.

Laguntzen herena

Kontuan eduki behar da, dena den, Bruselatik datorren dirua Erasmus programako ikasleek jasotako diru laguntzaren herena dela soilik. Beste hainbat beka jasotzeko aukera dute. Euskal Autonomia Erkidegokoek Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren eta Kutxabanken laguntzak eska dezakete. Nafarroako Gobernuak atzerrian ikasten duten ikasleak diruz laguntzen ditu, eta hainbat banku eta aurrezki kutxek ere badituzte Erasmuseko egonaldia laguntzeko bekak. Ipar Euskal Herrian hainbat beka dituzte ikasleek. Diru laguntza nagusia CROUSek (Unibertsitate eta Eskolako Eskualdeko Etxea) kudeatzen du: hilean 400 euro emango dizkie ikasleei ikasturte honetan.

Printzipioz, diru laguntza horietan ez da aldaketa nabarmenik espero, baina gizartea ez da guztiz fio. Azken hilabeteetan murrizketa ugari egon dira hainbat arlotan, bereziki Hego Euskal Herrian. Mozketek gogor jo dutehezkuntza. Beka orokorren aurrekontuak behera egin du nabarmen. Egoera halakoa izanik, zenbaiten ustez, denbora kontua besterik ez da gobernuen guraizeek Erasmus beketan eragitea.

2012-2013 ikasturteko Erasmus bekak bermatuta, hurrengo urteko laguntzekin datoz zalantzak. Inork ez daki zer gertatuko den. Miriam Peñalba EHUko Nazioarteko Hedakuntzako errektoreordeak esaldi bakarrean laburtu du egungo egoera: «Ez dakigu ezer, ez digute ezer esan, ezta dirurik ez dagoela ere». Galderak ugaritu egin dira hilabetean, baina oraingoz ez dago erantzunik. Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordea Erasmus agentziarekin harremanetan jarri da, lehen eskuko informazio bila. Hurrengo urteko aurrekontuetan «sartuta» dagoela erantzun diote, eta «normal» betetzeko asmoa dutela. Gauzak hala, Altunak ez du «aldaketa handirik» aurreikusten.

Josune Urzainki Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Harremanetarako Ataleko burua zuhurtasun handiagoz mintzo da. Espainiako Hezkuntza Ministerioarekin harremanetan jarri dela azaldu du, eta «printzipioz» Erasmus bekak ordaintzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu diote Madrildik. Egoera argitu bitartean, ez du hitz egin nahi inongo hipotesiren inguruan.

2014-2015 ikasturtearekin inkognita gehiago daude oraindik. Berez, Erasmus For All [Erasmus Guztiontzat] programa indarrean sartuko da, EBko beken aurrekontua areagotuz. Hilabete hasierako berriak, baina, bestelako norabide bat iradokitzen du. Peñalbaren iritziz, diru arazoen berri eman izana «estrategia politikoa» izan daiteke, bekentzako aurrekontuak areagotzearen aurka dauden herrialdeak estutzeko.

«Jarraituko du»

Zalantzak zalantza, beldurrak beldur, ikasleen arteko nazioarteko mugitzeko aukera ez dago arriskuan unibertsitateko arduradunen arabera. Peñalbaren aburuz, «egoera ez da hain larria», bestelako diru iturriak daudelako. Erasmus programaren garrantziaz mintzatu da, beste herrialde eta kultura batean egoteak ikasleengan duen eragin onaz. Horregatik, oztopoak oztopo programak aurrera «jarraituko» duela esan du. Antzera mintzo da Altuna: «Nekeza egiten zait pentsatzea Europako Batasunak diru gutxiagorekin utziko duela Erasmus laguntza, hasierako aurreikuspenak gutxituko direla».

Peñalbaren iritzi berekoa da Antonio Casado EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanordea, baina ez dago hain ziur erakundeen laguntzarekin. «Ikasleen mugitzeko aukera ez da galduko; diru laguntzen sistema dago arriskuan». Erasmus ikasle izandakoa da, orain dela hamasei urte Corkeko Unibertsitatean (Irlanda) ikasketak egin baitzituen. Garai hartan askoz ikasle gutxiago joaten ziren nazioartera. Casadok gogoan du fakultatetik «hamar baino gutxiago» joan zirela; «gaur egun 50 ikasle baino gehiago joaten zaizkigu kanpora».

Erasmus programak gero eta oihartzun handiagoa du, eta gaur egun ikasle gehienek atzerrian osatzen dituzte ikasketak. 25 urte bete ditu aurten nazioarteko mugikortasun programak. Hastapenenetan proiektu xumea zen; ikasle gutxik parte hartzen zuten, ez ezagutzeagatik edo diru laguntzen eskasiagatik. Urtez urte haziz joan da, baina.

Egun, urtean bi mila ikasle inguru ateratzen dira Euskal Herritik. Datu gisa, Erasmus programa hasi zenetik EHUtik 12.000 ikaslek parte hartu dute. Mende laurdenean izan den bilakaera azaldu du Peñalbak: «Lehenengo urtean bi pertsonak parte hartu zuten, baina hortik aurrera gero eta garrantzi handiagoa hartu du». Unibertsitateak dira igoera horren erantzule nagusiak. Azken hamarkadan harremanak bultzatu dituzte, eta hitzarmen mordoa izenpetu. Haien lanik gabe, gutxi batzuek erabakiko lukete atzerrian ikasketak egitea.

«Ezinbesteko esperientzia»

Etxetik kanpo, kultura desberdin batean bizitzeko lehen aukera da sarri Erasmus garaiko egonaldia ikasleentzat. Norberak bere burua ezagutzeko baliagarria izan ohi da, esperientzia aberasgarria.Hala uste du Markel Osak (Zumaia, Gipuzkoa, 1986). 2009an urte osoa eman zuen Richmonden (Virginia, AEB). Pertsona guztientzat «pentsamoldea zabaltzea» garrantzitsua dela deritzo, eta uste du, atzerrian, etxetik kanpo bizitzen hasteak Erasmus esperientzia «ezinbesteko» bihurtzen duela. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, eta AEBetako egonaldian «enpresa bat eramateko beste kultura bat» ezagutu zuela azaldu du, desberdina.

Laguntza ekonomikoez ere hitz egin du, baina garrantzi handiagoa eman dio «iniziatibari». «Unibertsitateen artean akordioak egoteak ateak irekitzen ditu, eta hor dago, nire ustetan, benetako balioa». Izan ere, diru laguntza «oso garrantzitsua» dela onartu arren, «izugarrizkoa» ez dela izaten azaldu du.

Ez du iritzi bera Nerea Alonsok (Iruñea, 1989) mugitzeko aukera bakarra bekek ematen dutelako askotan. Diru laguntzarik gabe Erasmus programan parte hartzeari uko egingo ziola azaldu du; izan ere, hiru ahizpen artean nagusia da, eta lan egiteagatik lortutako diruari eta bekei esker bidaiatu zuen Groningenera (Herbehereak) 2010eko irailean. Bekak desagertzeak «izugarrizko galera» ekarriko lukeela azaldu du: «Jendearen garapen akademikoa ukatzea ekarriko luke Erasmus programa galtzeak».

Ez zuen uste kanpoan bost hilabetez ikasteak «hainbesteko onura» ekarriko zionik, baina hiru urte geroago, oraindik gogoan ditu Groningengo Unibertsitateko errektoreak ikasturte hasieran esandako hitzak: «Orain denek uste duzue Erasmus beka beste herrialde bati buruz ikasteko aukera izango dela. Azkenean ikusiko duzue zuei eta zuen kulturei buruz hausnartu eta ikasteko izango duzuen aukera hoberena izan dela hau». Mesfidati entzun zituen une hartan, baina arrazoia ematen dio orain.

Italiara joan nahi, eta Danimarkako iparraldean amaitu zuen Naroa Lukek (Tolosa, Gipuzkoa, 1987), Aalborgen, hain zuzen ere. «Oso kultura desberdina» ezagutu zuela azaldu du, eta ordura arte ez zela konturatu herrialdeen artean dauden desberdintasunez. Ikasle daniarrek ikasteagatik soldata bat jasotzen dutela nabarmendu du. «Kanpoan gauzak beste modu batera egiten direla ikustean konturatzen zara zurean nola diren». Gelakide gehienak daniarrak zituela azaldu du, eta haiekin egindako talde lanez gogoratzen da. Izan ere, haien ikasteko modua «oso praktikoa» dela azpimarratu du: «Oso antolatuak dira, motibazio handia daukate gauzak ondo egiteko eta asko saiatzen dira, oso argiak eta zuzenak dira, baina lasai eta errespetuz hitz egiten dute».

Osak, Alonsok eta Lukek Erasmus garaiak emozioz oroitzen dituzten bitartean, esperientziaz ahalik eta gehien gozatzen ari da Ane Urteaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1991). Irailaren 9tik dago Grenoblen (Frantzia), eta ikasturte amaiera arte egongo da. «Hizkuntza eta kultura berriak» ikasteko aukera duela azaldu du. Lukek bezala, «gehien harritu» duena talde lanak egiteko orduan dauden aldeak izan dira, eta «handik ikasten» saiatzen dela azaldu du. Grenoblen hilabete eta erdi soilik daraman arren, egonaldia «erabat aberasgarria» izango delakoan dago. Hizkuntza maila hobetu duela nabari du, eta liluratuta dago ezagutu duenarekin. Onartu du hara joan aurretik diru laguntzarik edukiko ez zuela esan izan baliote ez zela joango. Baina hain dago gustura orain, «dirua oztopo izanda ere etortzen saiatuko» zatekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.