Erlijioa kalera aterako da hurrengo egunetan, herri askotan egingo diren prozesioen bitartez. Jesusen nekaldia ere antzeztuko dute. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herritan bisitari ugari gerturatuko dira antzezpen horiek ikustera.
Antzezpen ezagunenetakoa Balmasedan (Bizkaia) egin ohi dutena da. Herritarrek parte hartzen dute: guztira, 700 inguru. Horietako 350 aktore lanetan aritzen dira, aktore profesional izan gabe. Azken afaria egingo dute gaur San Severino plazan, 21:30etik aurrera. Bihar, berriz, 10:30ean egingo dute gurutze bidea, bukaeran frontoian gurutziltzatzea antzeztuko dute. Gaur eta bihar iluntzean, bestalde, prozesioak egingo dituzte.
Bilbon ere izango dira erlijio ekitaldiak egun hauetan: guztira, 13 prozesio ibiliko dira hiriko erdiguneko kaleetan, gaur hasi eta igandera bitarte.
Hondarribian ere gaur hasiko dituzte ekitaldiak, Jesusen azken afaria antzezten. Bihar, berriz, nekaldia egingo dute 17:00etan hasita; eta jarraian, gurutzetik jaistea, hitzaldia eta elizbira egingo dituzte.
Hondarribikoarekin batera, Segurako prozesioa da ezagunenetarikoa Gipuzkoan. 300 urte baino gehiagoko tradizioa du, XVII. mendeko lehen hamarkadan ageri dira Aste Santuaren lehen aipamenak Seguran. Ostegun eta ostiral santuan egiten dira prozesioak, eta 350 herritar inguruk parte hartzen dute. Gaur, eta bihar 18:15ean hasiko dira. Bihar arratsaldean, berriz, Jaunaren nekaldiaren ospakizuna antzeztuko dute, 16:30etik aurrera.
Tuteran egin ohi dituzte ekitaldiek ere jendetza erakarri ohi dute Aste Santuan. Bihar, gurutze bidea egingo dute goizean, eta eguerdi eta iluntzean (20:30) prozesioen txanda izango da. Larunbatean, Volatin eguna egingo dute. 09:55ean pregoia irakurriko dute, eta 10:00etan egingo dute ospakizuna. Aingeruaren eguna ospatuko dute igandean. Goizeko bederatzietan hasiko da ekitaldia.
Gasteizen, Isiltasunaren Prozesioarekin hasiko dituzte gaur ekitaldiak, gaueko bederatzietan. Bihar, berriz, Hilobiratze Santuaren Prozesioa egingo dute ordu berean.
Arabako Guardia herrian ere gogoz ospatzen dute Aste Santua, gaur eta bihar egingo dituzte prozesioak herriko kaleetan.
ERLIJIO EKITALDIAK
Non. Balmasedan, Tuteran, Guardian, Hondarribian, Seguran, Bilbon...
Noiz. Gaur hasi eta igandera bitartean.
Asteburuko proposamenak
Erlijio antzezpenak, kalerik kale
Prozesioak, Jesusen nekaldia eta beste antzeztuko dituzte egun hauetan hainbat herritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu