Jose Luis Albizuri. Mendizalea

«Erotzat hartzen gintuzten»

2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hamaseigarren aldiz parte hartuko du Hiru Handiak proban Jose Luis Albizurik (Azkoitia, 1963). Harena da orain arteko markarik onena: 11 ordu eta 57 minutuan bukatu zuen, 2008an. Biharko iragarri duten parte hartzearekin kolokan ikusten du marka.

Hiru Handiak zure neurrira egindako proba dela dirudi.

Garai batean ehun kilometroko zeharkaldi bat oso luzea zen; beldurra eragiten zuen, eta jendeak erotzat hartzen gintuen. Gaur egun, berriz, ehun kilometroko ibilbide bat luzea da, baina luzeagoak badirenez, gero eta jende gehiago ausartzen da. Lehen oso gutxik egiten genuen korrika; egun mendian ibiltzen ez zena ere hasi da mendian korrika.

Zu zeu mendizalea al zinen korrikalari baino lehenago?

Gaztetan Pirinioetara joaten ginen, beti oinez. Azkoititik Kakoetara ere ibiltzen igotzen nintzen, baina gero eta azkarrago... Korrika hasi eta gustatu egin zitzaidan; mendian korrika egitearen lasaitasuna batez ere. Oinez ere gustura noa mendira, baina aukeran nahiago korrika egin.

Zerk egiten du erakargarri Hiru Handiak?

Izenetik hasiko nintzateke, handi hitzak baduelako erakargarritasuna. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendi ederrak dira, eta ibilbidea ere bai. Gauerdian atera eta zati handi bat gauez egiteak abentura ukitua gehitzen dio; oskarbi dagoen gauetan gozatu egiten da.

Zertan aldatu da hastapenetatik?

Parte hartzaile kopuruak gora egin du; hasierako urteetan ez ginen hainbeste. Hastapenean ibilaldi neurtua zen Hiru Handiak, ez lasterketa bat. Hori gerora sartu zen, eta gaur egun korrika egiteko prestatzen da jendea; zapatila eta galtza aproposekin, prestaketa zorrotz zainduz... Gu beste garai batean hasi ginen: zakutoa hartu eta kotoizko kamiseta jantzita. Zerikusirik ez zuen egungoarekin. Azkenerako, gehiegizko lehia dagoela uste dut.

Hiru Handietan edo mendiko jarduera gehienetan?

Gehiegizko lehia lasterketa askotan ikusten dut, baina Hiru Handiak oraindik ere ibilaldi neurtua da parte hartzaile gehienentzat. Ofizialki ez da lasterketa bat, baina lehenengoa nor iritsi izaten da.

Zu zeu nola zaude biharko?

Beti bezala. Ezer berezirik ez dut egin Hiru Handiak prestatzeko. Urte osoan ibiltzen naiz, eta aurten ere halaxe nabil. Gustuz ibiltzen naiz, txakurra hartu eta mendi buelta luzeagoak eta laburragoak tartekatuz; astean lau edo bost aldiz.

Zuk duzu Hiru Handietako marka: 11 ordu eta 57 minutu. Aurten hori hautsiko dela diote antolatzaileek...

Jende ona irtengo da aurten: Iker Karrera, Oier Ibarbia, Pedro Etxeberria, Zigor Iturrieta... Iker Karrera marka ontzera aterako dela entzun dut, eta iruditzen zait eguraldi ona egiten badu eta bera ongi badabil 11 ordutik behera ibiltzeko gaitasuna baduela. Jende gaztea indarrean dator. Garai batean proba luzeetan 40 urte beteta hasi behar zela esaten zen, baina orain gazteak ikusten dira 100 kilometro azkar korritzen. Azkar eta bizi datoz gazteak...

Zer da halako lasterketa luzeetan ondo ibiltzeko garrantzitsuena?

Nork bere gorputza ezagutu behar du, ez delako matematika. Edatea eta jatea garrantzitsua da, eta ongi neurtzea. Prestaketa ona egin daiteke, eta eguna bera gaizki atera: beroagatik, euriagatik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.