Ezarian. Kontsumoa

Erraldoiak eta ipotxak

Saltoki handiei igandetan irekitzeko eskubidea babesteko, Bilboko Udalak zazpi jaiegun zehaztu ditu. Saltzaile gehienak erabakiaren aurka agertu dira.

Ilargi Agirre- Lander Muñagorri Garmendia
Bilbo
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Haserrea, ezinegona eta kezka. Horixe sentitzen dute Bilboko saltzaile gehienek. «Merkataritza interes» gisa izendatu ditu udalak urtean zazpi igande, eta egun horietan nahi duten saltoki handiek irekitzeko aukera izango dute. Saltzaile askoren ustez, erabakiak merkataritza guneei egiten die mesede, baina saltoki txikiak kolokan jartzen ditu. Erraldoi horien aurrean defendatzeko modurik ez dute txikiek, eta aukerarik gabe, ipotxen pareko geratzen dira. «Gure heriotza dakar», dio Pello Hernando Mendiko Etxeko saltzaileak. Hiriko merkataritza elkarteetan ere hautsak harrotu ditu. Haiekin kontatu gabe egindako urratsa izan dela diote, eta ez dagoela neurriak ekar dezakeen eraginen inguruan inolako azterketarik.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuak baimena ematen die 150 metro karratu baino gehiago dituzten saltoki handiei urtean zortzi igandetan irekitzeko. Saltoki txikien jarduna ez du arautzen. Orain arte legetik kanpo, ordea, idatzi gabeko akordioa zegoen saltzaileen artean jaiegunetan ez irekitzeko. Egutegian zazpi egun zehaztearekin batera, udalak adierazi du saltzaile handiei irekitzeko eskubidea bermatzen lagunduko diela.

Erabakiaren berri izan bezain pronto, Bilbo Dendak elkarteko lehendakari Javier Lopezek dimisioa aurkeztu zuen. Elkarteak erakunde publiko eta enpresa pribatuen lotune gisa funtzionatzen du. Udalaz eta Merkataritza Ganberaz gain, hiriko hiru merkataritza gune —Bidarte, El Corte Ingles eta Zubiarte— eta 2.800 negozioren ordezkariak ere badaude. Maria Paz Irastorza Merkataritza Ganberako barne merkataritzako zuzendaria da, eta erabakia «ezustekoa» izan dela dio. «Udalaren eta merkatarien arteko bitartekaria da elkartea, baina Bilbo Dendak-ekin hitz egin gabe eman du pausoa udalak». Egutegiaren inguruan adostutako erabakirik ez zutela dio. «Elkartean askotariko iritziak daude. Saltoki handiek ireki egin nahi zuten, baina txikiek ez».

Erabakiarekin bat egiten ez duten arren udalaren neurria errespetatzen dutela dio, eta alkateak legearen barruan jokatu duela gogorarazi du Irastorzak. «Ez irekitzeko sindikatuen presioarekin topo egiten zuten saltoki handiei babesa ematen die iradokitako egutegiak».

«Ekonomia suspertzeko»

Askoz ere gogorrago azaldu da Felix Usunaga Bilbo Erdigunea elkarteko lehendakaria. 500 kide dituzte, eta haiekin ere ez dute hitz egin. Neurria Madrilen egiten den gisan egunero 24 orduz saltokiak irekita egoteko aurrekaria baino ez dela pentsatzen du Usunagak. «Horrek saltoki txikiak suntsituko ditu; ezinezkoa da handiekin lehiatzea».

Sektorean ekonomia suspertzeko erabaki ona izan daitekeela arrazoitu du udalak. 2011 urte tristea izan da Bilboko merkataritzarentzat. EAJko Andoni Aldekoaren datuen arabera, %20 erori da negozioaren errenta. Eta 584 lanpostu galdu dira. Baina argudio horrekin ez du gehiengoa konbentzitu; eta Usunaga dago tartean. «Kontsumitzaileak diru kopuru mugatua du. Igandean jertsea erosten duenak ez du astelehenean erosiko».

Neurria garapen iraunkorraren aurkakoa dela uste du gainera Bilbo Erdiguneko lehendakariak, gastu energetiko handia ekarriko bailuke. Lan egonkortasuna kolokan jarri, eta familia eta laneko kontziliazioa ezinezko bihurtzen ditu. «Europako legeria gehienek ez dute uzten saltokiak igandetan irekitzen, interes turistikoko lekuetan ez bada».

Akordioa erretiratzeko eskatu dio udalari Bilbo Erdigunea elkarteak. «Udalak ez dauka eskumenik arlo horretan. Eusko Jaurlaritzari dagokio saltokietako ordutegien aginpidea, eta Bilboko Udalaren gomendioa ez ezartzeko eskatzen diogu Jaurlaritzari». Kontsumitzaileen elkarteek gaiaren inguruko ikerketa zabala egin beharko luketela pentsatzen du, gainera. «Erabat ziur nago urtero Eusko Jaurlaritzarekin eta sindikatuekin bildu eta benetako beharren gaineko bete beharreko akordio batera irits gaitezkeela».

Kritikei entzungor egin die Iñaki Azkuna alkateak, eta adierazi du ez dutela atzerapausorik emango. «Ireki nahi ez dutenek eskubide osoa dute», esan du. Jaiegunetan irekitzeko aukera 2004ko legean datorrela eta «borondatezkoa» dela azaldu du. Egutegia zehazteko irekitzearen alde dauden saltzaileekin hitz egin dutela onartu du, gainera, gainontzekoekin ez baitago modurik akordio bat egiteko, alkatearen aburuz.

Ebazpenak Bilbori «soilik» eragiten diola azpimarratu du. «Jaiegun eta ordu guztietan irekitzen duten atzerriko dendariei izan behar zaie beldur», aitortu du.

Saltzaile txikiak, sutan

Eztabaidaren zurrunbiloaren erdian harrapatuta sentitu dira saltzailerik gehienak. Euren etorkizuna kinka larrian ikusten dute, eta minduta daude. Manolita Bengoetxea Gili Gili arropa dendako saltzailea da, eta erabakia «penagarria» izan dela dio. «Inorekin kontatu gabe egin dute; gehiengoaren aurka». Hiriko merkataritza gune handiei interesatzen zaiela dio, eta haiekin negoziatu dutela, baina txikientzat kaltegarria dela.

Arriskutsu ikusten du urtean zazpi jaiegun zehaztea, pixkanaka igande guztietara zabaldu eta azkenean saltoki guztiak ireki beharko dituztelako. «Salmentek ez lukete gora egingo; egun gehiagotan berdin salduko genuke». Horren aurrean saltoki txikiek borrokatu egin behar dutela uste du. «Mugitu egin behar dugu, baina aurka dauden askok ez dute ezer egiten».

Olañeta dendako jabea da Xabier Olmo, eta hura ere ez dago ados neurriarekin. «Merkataritzan aritzen ez diren pertsonek hartu dute erabakia. Gainontzekoak irekitzen dutenean zu irekitzera behartuta sentitzen zara, eta guk ere deskantsatzeko eskubidea daukagu», dio. Jendeak erosketak egiteko denbora bestela ere baduela gaineratu du, eta jaiegunetan lan egiteak irabaziak gehitu beharrean gastuak ugarituko lizkiekeela. «Igandean kalean banabil garagardo bat gehiago edango dut, agian, baina bi galtza ez nituzke erosiko».

Kexatzeko beharra sentitzen du baita ere SerieB saltokiko Cristina Zendoiak. Pentsatzen du ez dituztela saltzen guztiz beharrezko produktuak eta ez direla farmazia bat. «Nahi duten saltoki txikiek igandetan irekitzea ongi iruditzen zait; hiriari bizitza eta giroa eman diezaiokete. Baina ez dut nahi merkataritza gune handiek irekitzea». Kontsumoa ez dela igoko, lekuz aldatuko dela nabarmendu du Zendoiak. Eta neurriak ez ditu lanpostuak sortuko, haren ustetan. «Nik ez nuke norbait hartuko hiru-lau ordurako; azkenean, guk lan egingo genuke».

Elkarteak jomugan

Pello Hernando Mendiko Etxeko langilea oso haserre dago. Neurria beste arrazoi batzuen artean turismoari begira hartu dutela dio, baina pentsatzen du atzerritarrek ez dietela jaten ematen. «Badirudi ez daukagula gogorik lan egiteko, baina ez da hori. Nahiko arazo badugu krisi egoera honetan bizimodua aurrera ateratzeko». Merkatariak ordezkatzen dituzten elkarteek jokatu duten moduaren inguruan kritiko ageri da.

Inpernu saltokiko Lander Gamayok ere pentsatzen du elkarteek ez dutela egin behar den guztia, eta horregatik horietatik at «dinamika propioa» sortu nahi dutela aitortu du. «Gure etorkizuna dago jokoan».

Susana Larrinagak, Ttakun saltokiko jabeak, ildo beretik jo du. Iñaki Azkunak saltzaile handien ahotik hitz egin duela pentsatzen du. «Ematen du jendeak kontsumitzen bakarrik gozatzen duela gaur egun».

Zenbat buru, hainbat aburu

Erosleen artean era guztietako iritziak daude, jaiegunetan irekitzearen aldekoak, baita aurkakoak ere. Esaerak dioen bezala, «zenbat buru, hainbat aburu». «Alde edo aurka egon, nik ulertzen ez dudana udalaren jarrera da», Ana Gonzalezen ustez. «Gai hori merkatariek elkarren artean adostu beharrekoa da, orain arte egin izan den bezala», dio. Jaiegunetan dendak itxita egotearen aurkako jarrera dauka, haren ustez, aste barruan nahikoa orduz zabaltzen baitituzte dendak. «Igandeetan ere zabaltzea kontsumora bultzatzeko beste neurri bat da. Bestelako aisialdi ekintzak egitea sustatu beharko litzateke».

Aitor Agirrek aurkako iritzia dauka, ordea. Daukan lanagatik erosketak egiteko beta gutxi duela aitortu du. «Nik ez dut gaizki ikusten zabaltzeko aukera jartzea: nahi duenak ireki dezala denda, eta nahi duenak itxita eduki dezala», dio. Baina neurri horrek lehia desleiala eragiten duela uste du Marta Etxeberriak. «Merkatu handiek posible dute langile gehiago hartzea, baina merkatari txikiek? Denda asko daude langile bakarra daukatenak». Beraz, horiek neurri hori hartuko balute gutxiagotasun egoeran utziko lituzkeela uste du. «Madrilen lehenengo egun batzuetan bakarrik zabaldu zuten igandetan, eta, orain, igandero zabaltzen dute», adierazi du Etxeberriak.

«Gai honetan jarrera bat hartzea ez zait zilegi iruditzen, kontsumitzailea ni izan arren», Marcos Ramirezen esanetan. Dendari bakoitzak bere erabakia hartzeko eskubidea duela uste du, eta, horregatik, «merkatarien arteko eztabaida da». Elkarrekin adostu beharreko neurria dela uste du, betiere denen arteko adostasun batera helduta eta «txikien eta ahulenen gabeziak kontuan hartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.