Erraldoiei eskainitako txoko txikia

Itzurun konpartsako erraldoiak ikusgai daude Donostiako San Telmo museoko klaustroan, irailaren 9ra arte; zortzi erraldoik osatzen dute erakusketa, beira zuntzez eginiko lehenek.

Ezkerretik eskuinera, Arabako bikotea, Nafarroakoa, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aurrera begira, tente daude Donostiako Itzurun konpartsako erraldoiak. Ezin jakin euren kokaleku berria gustatzen zaien, aurpegiko espresioa betiko bera baita. Jai giroa ikustera daude ohiturik; umeez inguraturik, dultzainaren doinuarekin birak ematea izaten da euren eginkizun nagusia udako jaietan. Atseden hartzea egokitu zaie oraingoan, ordea. Irailaren 9ra arte, San Telmo museoko klaustroan egongo dira Itzurun konpartsako zortzi erraldoiak. Asteartetik igandera egongo dira ikusgai, 10:00etatik 20:00etara. Museoko sarrera ordaindu behar da erakusketa ikusteko, astearteetan izan ezik.

Lau bikotek osatzen dute erakusketa: arabarrak, nafarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak. Lurralde horietako historia eta usadioak islatzen ditu bikote bakoitzak euren janzkeraren bitartez. Erraldoien ondoan, berriz, bakoitzaren ezaugarriak azaltzen dituen panel bat dago. Jantzien eta erraldoiek eskuetan dituzten objektuen jatorria irakur dezakete bertan erakusketa ikustera joaten direnek.

Behetik gora begiratu behar zaie nahitaez, izenak ongi adierazten duen bezala handiak baitira erraldoiak. Hain gertutik ikusita, errespetu apur bat ere ematen dute. Haien gonako sareak, ordea, gogora ekartzen dio ikusleari beste pertsona baten beharra dutela bizia hartzeko. Eta gona azpitik ageri diren egurrezko lau makilek ere argi uzten dute beste pertsona baten hankak behar dituztela musikaren erritmora birak emateko.

Kasu honetan, Itzurun konpartsako kideek ematen diete zortzi erraldoi horiei bizia. Buruhandiekin batera, Donostiako Aste Nagusiaren zati garrantzitsu bilakatu dira erraldoiak. Eta haur askok haiei ematen dizkiete beren txupeteak ere. Erakusketako erraldoiek eskutik zintzilik dituzte txupete horiek, eta oinetako txikiren bat ere bada tartean.

Lurraldeen izaeraren lekuko

Ilaran daude jarrita erraldoiak, klaustroari begira. Arabako bikotea da lehena. Araba hegoaldeko jaietan hain ezaguna den katximorroa irudikatzen du gizonezkoak; jai segizioetan dantzariei bidea irekitzea da haren eginkizuna, eta horretarako erabiltzen du eskuan duen untxi edo katu larruazala. Emakumeak, berriz, katximorroaren atzetik joaten den dantzaria irudikatzen du, soineko zuria jantzita.

Arabarren ondoan, berriz, bikote nafarra dago. Erronkaribar ibarreko jantzia dute soinean, Nafarroan tradizio luzea duena. Oraindik ere, Erronkaribarko ordezkariak horrela janzten dira hainbat jaitan. Esaterako, uztailaren 13an, San Martin harrira igotzen direnean.

Gipuzkoako bikotea, berriz, itsasoarekin dago lotuta, lurraldea bera bezala. Pasai Donibanen jendea itsasadarraren alde batetik bestera eramaten zuten batelariak irudikatzen ditu emakumeak; hori adierazten dute jantziak eta eskuan daraman arraunak. Gizona, berriz, baleazale bat da, eta arpoia du eskuetan.

Bizkaian ere izan du garrantzia itsasoak, baina hango erraldoi parea ez dago itsasoarekin loturik. Olagizona da gizonezkoa; burdinolek, izan ere, Bizkaiko burdinaren industria bultzatu zuten. Emakumea, berriz, baserritarra da. Baserriko produktuak azokara eramateko saskia du esku batean, eta jaietako ohiko erroskilak bestean.

Urte asko kaleak alaitzen

Tradizio luzea dute erraldoiek Donostian. Hainbat dokumenturen arabera, 1660. urtean atera ziren lehen aldiz Donostiako kaleetara. Makina bat konpartsa izan da ordutik, eta erraldoirik gabeko urteak ere bai tartean. Duela 30 urte, ordea, orain San Telmonikusgai dauden erraldoiak eraiki zituzten, eta hainbat Aste Nagusi alaitu dituzte urte hauetan.

Beira zuntzez eginiko lehen erraldoiak dira. Jose Ignacio Urbietak zuzendu zituen eraikitze lanak, eta berak aukeratu zuen lurralde bakoitza ordezkatuko zuen bikotea. Erraldoiei forma eman ziena, ordea, Rafael Giraldez eskultorea izan zen. Beste hainbeste irauteko, 2009an berritu egin zituzten erraldoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.