Iruñeko Alde Zaharreko erraldoiek hamar urte bete dituzte, eta urtemuga eurekin ospatzera gonbidatu dituzte erraldoi zaleak. Lurra, Sua, Ura eta Airea erraldoiek larunbatean ospatuko dutehamargarren urteurrena haien kililiekin batera. Musika eta festa giroa izango da, beraz, Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan barrena.
Goizean hasiko da Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsak antolatutako ospakizuna. Kalejira batekin emango diote hasiera festari; Jarauta kalean hasiko dira, 11:00etan.
13:00etan etenalditxo bat egingo dute Burgoen Plazan, eta esker onak emateko ekitaldia egingo dute. Izan ere, Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsek kaleak girotzen daramatzaten hamar urteetan badute zeini eman eskerrak. Urte horietan guztietan alaitasuna auzoko kaleetara ateratzen lagundu dieten pertsona orori zuzenduko dira, erraldoien alde egindako lana eskertzeko. Musikarekin, jantziekin, margoekin eta diru kontuekin erraldoiak lagundu dituen jende mordoa ospakizunean parte hartu dezan nahi dute.
Modu ezin hobean amaituko dute 10. urtemugaren ospakizuna, herri bazkaria antolatu baitute Anaitasunan, 15:00etan. Bazkarirako txartelak 20 eurotan jarri dituzte salgai Iruñazarra tabernan eta Auzoenenan. Bazkalostean, jaiak jarraituko du antolatu duten dantzaldiarekin.
2001. urtean sortu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsa elkartea. Irabazi asmorik gabeko gazte eta kultura elkartea da. Publiko ororentzat dibertsiorako kale animazioa eskaintzen dute.
Lau erraldoik eta beste horrenbeste kilikik osatzen dute konpartsa. Erraldoiek elementu naturalak irudikatzen dituzte, eta lau metro inguruko luzera dute. Txikien gozamen handiagorako kilikien laguntza izaten dute. Napoleon, Pamplonica, Payaso eta Demonio izena dute kilikiek.
Erraldoi eramaile eta kiliki eramaileez gain, musikari talde batek ere osatzen du elkartea. Ezinbestekoa baitzaie gaitero taldearen doinuak erraldoien ohiko dantzak egiteko. Kalejirak, balsak eta koreografiak egiten trebeak dira Iruñeko Alde Zaharreko erraldoiak.
IRUÑEKO ERRALDOIEN 10. URTEMUGA
Zer. Kalejira, ekitaldia, bazkaria eta dantzaldia.
Non. Iruñeko Jarauta kalean izango da kalejira. Bazkaria, Anaitasunan.
Noiz. Larunbatean, 11:00etatik aurrera.
Asteburuko proposamenak
Erraldoien urtemuga ospatzen
IruñeaHamargarren urteurrena ospatuko dute Iruñeko erraldoiek larunbatean, kalejira eta herri bazkari batekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu