Errege Magoak bidean daude

Milaka eta milaka goxoki, luxuzko segizio ikusgarriak... eta opariak! Biharko gau magikoaren aurretik arratsalde magikoa izango da hainbat herritan, Ekialdetik, izar baten atzetik, hiru errege miragarri baitatoz, haur eta helduen ilusioa pizteko.

IRUNE LASA DONOSTIA
2009ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ez dute huts egingo aurten ere. Hiru Errege Magoen kanpo harremanetarako arduradunak jakinarazi duenez, Euskal Herrira bidean dira, iristear, maiestate magiko agurgarriak. Gogotsu ei daude herriz herri haur eta heldu guztiak agurtzeko. Gozokiak agindu dituzte haiengana inguratzen den ororentzat. «Eta oparitxoren bat ere ba omen dakarte», gaineratu zuen bozeramaileak ahopeka.

Ez du inork kezkatzeko arrazoirik, bazter guztietara iristeko asmo sendoa dute Errege Magoek eta horretarako bihar arratserako egitaraua zehatz-mehatz antolatu dute haien bulego diplomatikoak eta tokian tokiko udalek eta elkarteek. Uneak merezi duela eta maiestate agurgarriek luxuzko arropa, karroza eta segizioak erakutsiko dituzte. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira ekitaldi arranditsuenak.

Bilbo

Limusina bat hartu eta Basurtuko Ospitalera bisita egiteko asmoa dute Errege Magoek bihar arratsaldeko hirurak eta erdietan. Gero, seietan, 4.000 kilo goxoki hartu banatzeko eta Errege Magoek desfile ikusgarria egingo dute, Jesusen Bihotzetik abiatu eta udaletxeraino bidean. Ekialdeko Izarraren atzetik etorriko dira naturaren lau elementuen (Lurra, Ura, Airea eta Sua) gorazarre egingodieten karrozak eta horietan Neptuno, Eolo eta Vulkano jainko paganoak. Edonor ahoa bete hortz uzteko moduko ikuskizuna, ordea, egiazko ikuskizunaren ataria da, ondoren, berehala iritsiko baitira, banan-banan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar gorentasunak. Udaletxean harrera 20:00etan egingo zaie, eta hantxe beste ikuskizun bat emango du segizioak dantza eta doinuz betea.

Donostia

Eguraldiak aginduko du Errege Magoak Donostiara itsasoz edo trenez iristen diren. Eguraldi txukuna bada, 14:40an porturatuko dira maiestate agurgarriak. Bestela, zorabio eta arriskuak saihesteko trena aukeratuko dute, eta ordu horretan Euskotrenen Easoko geltokira iritsi. Bata edo beste, Udaletxean 15:30ean izango dira, haurren agur eta eskariak jasotzeko. 500 lagunetik gorako desfilea egingo dute ondoren 18:00etan Bulebarretik abiatuta. 2.100 kilo goxoki gorde dituzte haiek ikustera joaten direnentzat. 19:15ean desfilea bukatuta, Matia Fundaziora eta Quavitae gizarte etxeetara joango dira.

Gasteiz

Arabako hiriburuak Errege Magoak goizez hartzeko ohorea izango du, Renfeko geltokira 11:00etan iritsiko baitira, eta gero harrera egingo baitzaie Aihotz plazan. Are gehiago, haurrak agurtzeko 18:00 arteko tartea hartu dute Villa Suso jauregian. Gero, 19:00etan desfilea egingo dute euren segizioarekin.

Iruñea

Magdalena zubitik agertuko dira hiru erregeak eta 16:30ean Frantziako Portalea zabalduko diete zaintzaileek. Udaletxean egingo zaie harrera ondoren. Desfile ikusgarria 19:00etan abiatuko dute, eta aspaldiko partez ibilbidea Yanguas y Miranda kaletik igaroko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.