Errege Magoak, ilusioak opari bihurtuz

Ekialde Urruneko Errege Magoek Euskal Herriko hiri eta herrietako umeak liluratuko dituzte bihar. Haurren ilusioa opari bihurtzeko asmoz, desfile ikusgarriak egingo dituzte makina bat bazterretan.

2007ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ekialde Urruneko Errege Magoak bihar ailegatuko dira Euskal Herrira. Ilusioz eta opariz gainezka etorriko dira, milaka etxetako haurrei irribarre bat lapurtu nahian. Opariak, noski, zintzoak izan diren umeei banatuko dizkiete. Horixe da biharko ikuskizunetan Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek haurrei galdetuko dietena. Erregeen magiari aurre egiten dakiten umeek bi aldiz pentsatu gabe esango diete baietz, eta haien presentziarekin uzkurtzen direnek, berriz, nahikoa lan izango dute eskutitza ematearekin.

Errege Magoek, hala ere, jaso eta irakurri dituzte dagoeneko Euskal Herriko haurrek bidali dizkieten gutunak, eta eskatutako opariak prestatzen eta atontzen aritu dira azken egunetan. Lan nekeza inondik ere, eta are nekezagoa bidaia luzea egin behar izan dutela kontuan hartuta. Bihar jendaurrean agertuko dira karroza eta argi ikusgarrien babespean, baina zereginik desiratuena gauez egin beharko dute: opariak etxez etxe banatzea.



DESFILE IKUSGARRIAK. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan arratsaldean egingo dituzte Errege Magoek urteroko ibilbideak. Bilboko eta Donostiako desfileak 18:00etan hasiko dira, eta Gasteiz eta Iruñekoak, berriz, 19:00etan.

Hala ere, goizean goizetik sumatuko da Errege Magoen presentzia Euskal Herrian. Gasteizera trenez iritsiko dira, 11:00etan, eta Aihotz plazan egingo diete harrera ofiziala. Eguerditik 18:00ak bitarte haurren eskaerak jasoko dituzte. Tranbiako lanak direla-eta, desfilearen ohiko ibilbidea aldatu egin dute Gasteizen.

Bilbokoa izaten da desfilerik ikusgarri eta jendetsuena. Aurtengo ikuskizunaren oinarria jostailuen mundua izango da. Udaletxean amaituko da ibilbidea, eta han egingo den argi, musika eta dantza saio batekin amaituko da.

Donostiako portura itsasontziz ailegatuko dira, eta Bulebarrera heltzean ohiko ibilbidea egingo dute. Iruñeko saioa urterokoaren antzekoa izango da. Hiriburuetara ez ezik, ia herri gehienetara ere iritsiko dira bihar Errege Magoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.