Urte osoko penak ahantzi eta familia giroan egoteko momentua izan ohi da Gabon gaua. Edozein afarik, baina, ez du xede hori betetzeko adina distira: mahai tresneria eta zapi berrienak, eta ahalik eta edari eta elikagai hoberenak erabiltzen dira. Guztia Gabon afaria ospakizun gau bihurtzeko.
Prestalanak afaria bezain garrantzitsuak dira, eta azken egun hauetan merkatuetan dabilen jende jarioa dezente handitu da. Prezio hoberenaren bila ala enkargaturiko jakiak jasotzera, han-hemenka etengabean. Saltzaileek ere lana sobera izaten dute.
Erosleen ugaritasunean ez ezik, horien eskakizunetan ere nabari da Gabon afaria hurbil dagoela. Itsaskiak, bisigua edota arkumea urte osoan dauden arren, halako egunetan saltzen dira gehien. Bretxako Mailu arrandegiko saltzaile baten esanetan, Eguberrien aurreko bi asteetan enkarguak gehitu egiten dira; «batez ere itsaskienak». Parean dagoen Amaia arrandegikoek gauza bera diote, erosle asko hamabost egun aurretik etortzen direla dena lotzera.
Hala ere, gehienek azken egunak iritsi arte itxaroten dutela diote, prezioek gora egin arren. Saltzaileen arabera, oso gutxi dira erosketa hilabete bat edo hamabost egun lehenago egin, eta jakiak izozkailuan sartzen dituztenak.
Nahiko sona dute Donostiako merkatuek, eta hiriburutik zein probintziatik datozenez gain, badira urrutitik datozenak ere; Zaragozatik (Espainia) espresuki Bretxa merkatura urtero etortzen den familia bat, adibidez. «Zaragozan baino arrain freskoagoak daude, eta urtero erosten dugu hemen [Bretxan]; bisigua eta itsaskiak gehienbat», dio Maria Antonek, haren ama eta izeba produktu freskoenaren bila dabiltzan bitartean.
Krisi ekonomikoa ere ez da gai izan Gabon afariak eragiten duen ilusioa itzaltzeko. Krisia nabari den arren, beharrezko «esfortzua» egiten dela diote erosleek. San Martin merkatuko Muñoa harategiko arduraduna antzera mintzo da: «Jendea prezioei begira dabil, eta behar duena bakarrik erosten du; dena den, asko saltzen jarraitu dugu».
Azken orduan edo aldez aurretik erosita, badira bereziki egun hauetan saltzearen poderioz nolabaiteko errege-erregina bihurtzen diren elikagaiak. Arrandegietan dozenaka saltzen ari dira ostrak, txirlak, legatzak, zapoak, eta txangurruak. Harategietan, berriz, arkumea da nagusi.
Angulak, 800 eurotan
Badira Eguberrietako errege izaten hasi eta bigarren mailako bihurtu diren jakiak ere. Angulena jada ez da ezustekoa. Urrezko egunak aspaldi ahaztuta, gehiago da argazki eta bideo zaharretan ikusteko oroitzapen, mahai gainean izateko jaki baino. Bretxa eta San Martin merkatuetan barrena angula bila ibiltzea alferrikakoa zen atzo; ez zegoen alerik. Saltzaileei galdetuz gero, soilik enkarguz ekartzen dituztela erantzuten zuten; eta jada denak saldu dituztela. Salneurria? 800 euro kiloko; gutxi batzuen esku.
Bisiguarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Prezioak gora egin duen heinean, salmentek behera egin dute nabarmen; eta ez dira gutxi aurten legatza edo erreboiloaren alde jo dutenak.
Errege zahar eta berriak
Gabon afariak tinko eutsi dio krisi garaiari, eta familia gehienek ohiko afaria egiten jarraituko dute. Halere, badira urtetik urtera protagonismoa galtzen ari diren elikagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu