Erretratuak, irudi abstraktuak, inpresionistak eta surrealistak, olioz eginak eta akuarelaz margotutako koadro andana ikus daitezke, besteak beste, Gasteizko Errege-Erregina Katolikoen kalean, Errehabilitazio Komunitarioko Zentroan sartu eta korridore nagusian barneratuta. Buruko arazoak dituzten gaixoak urte guztian egiten dituzten lanez goza daiteke eraikina zeharkatu ahala. Horien artean dira Burgosen (Espainia) Puro Arte lehiaketan saritutako pintura tailerrekoen lanetako batzuk. Jende ugari dabil aurrera eta atzera, ate batetik sartu eta bestetik ateraz.
Lehen gelatik antzerki tailerreko ikasleak irten dira, saioa amaituta. Ondoko gela batean zeramika lan ugari daude. Eskuak buztinez zikindurik dauzkatela, denetariko formak lantzen ari dira dozena bat lagun, begirale baten laguntzarekin.
Eskulan tailerrean, berriz, Jesus Maria Mariaka begiralea laguntzaile dutela, ikasle ugari ari dira artelanak lantzen. Paisaia menditsuak, itsasoko ilunabarrak, kolore biziko irudi abstraktuak… denetariko lanak egiten ikus daitezke margolariak. 25 urte daramatzate pintura tailerrarekin zentroan, eta urte horietan, hainbat sari lortu dituzte errehabilitazioan aritzen diren gaixoek.
Joan den azaroan, esaterako,laugarren Puro Arte sariketan lehen postua lortu zuten gasteiztarrek. 21 margolan aurkeztu zituzten lehiaketan. Egileak lehen postua lortu eta 1.500 eurorekin saritzez gain, Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzua bera ere saritu zuten, urte hauetan guztietan egindako lanagatik. «Beste urte batzuetan ere saritu gaituzte, baina aurtengoa berezia izan da», esan du Margarita Herranzek, zentroko arduradunak.
Puro Arte bezalako sariketekin ikasleen motibazioa piztea lortzen dela uste du arduradunak: «Haien lanak hainbat tokitan erakusteko aukera izateak egindako lanak balioa duela adierazten du». Datozen hilabeteetan Euskal Herriko hainbat erakusketa gelatan ikusi ahal izango dira Gasteizko artisten lan sarituak.
Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzuan aritzen diren gaixoek aurten garaipena lortu dute, baina beste hainbat urtetan ere saritu izan dituzte. Beste hainbat eskulanetan ere izan dituzte lorpenak: txotxongiloen lehiaketan zeramika tailerre-koek saria lortu dute, esatera- ko.
Urteetako lana
Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzua, 28 urtez jarraian, buruko gaixotasunak dituzten gaixoen gizarteratze eta garatze bidean ari da lanean, Osakidetzaren barruan. Izan ere, buruko patologia arin edo ertainak ez dira ospitaleratzeekin gainditzen. Gaixoek euren gaitasunak landu ahal izateko, beharrezkoa izaten da gustuko dituzten lantegietan aritzea. Aisialdirako eta beren kabuz moldatzen ikasteko, Gasteizko Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzuak zenbait errehabilitazio programa lantzen ditu.
Goizeroko joan-etorria geldiezina da zentroan. Egunero, buruko nahasmendua duten berrehun gaixo biltzen dira errehabilitazio programetan, askotariko langintzetan. Horietatik 50 gaixo inguru elkartzen dira eskulan tailerrean. Eraikinaren barnean egiten dituzten ekintzez gain, hormetatik kanpo ere beste hainbat ekintza dituzte Errehabilitazio Komunitarioko Zerbitzuan: futbolean aritzen dira, irteerak antolatzen dituzte... «Buruko arazoak dituen gaixoa gizarteratzeko errehabilitazio dinamiko honekin, haien gaitasunak indartzea lortzen da. Tratamendua modu jarrai batean emateaz gain, bizitza aske bat izateko gaitasunak eskuratzen lan egiten dute bertaratutakoek», dio Hernanzek.
Ezarian
Errehabilitazio margotua
Gasteizko Errehabilitazio Komunitarioko Zentroan hainbat ikastaro eskaintzen dituzte buruko gaixotasunak dituztenentzat. Pintura ikastaroan aritzen diren ikasleak Burgosko Puro Arte lehiaketan saritu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu