Maratila

Errelatoa

santi leone
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk, Gorka Bereziartuak, ohiko ironiaz, «errelato» itsusi horren sinonimo eta sasi-sinonimo parrasta proposatu zuen Euskalerria Irratian. Irakurleak aise bilatuko du, nahi izanez gero, Interneten. Akort naiz. Nik ere ez dut hitz hori euskaran txertatzeko beharrik.

Zenbait egoerak, ordea, hitz berriak eskatzen dituzte, baitezpada. Eta iduri luke heldu den urtean, ETAren amaieraren eta Nafarroaren konkistaren kontura bueltaka ibiliko garela narrazio, kontakizun edo dena delakoarekin (sinonimo gehiagorako, ikus hasmentan aipatu irratsaioa). Afera, nik dena ongi ulertu badut, jendeari kontatuko zaion bertsio ofiziala asmatzea da. Adibidez, eskoletan azalduko dena, edo telebistako dokumental ustez sakonean zabalduko dena. Egia ofiziala, haurrei (eta haurtzat hartutako herritarrei) irentsarazteko.

Alde horretatik, ez zait desegokia iduritzen solas berriren bat maileguan hartzea. Konparaziorako, alemanezko Märchen. Aleman zaharreko mære-tik omen dator: egiazko albistea, benetan gertatutakoaren berria. Luterok, kasu, Mähre deitu zion Testamentu Berriari, istorio sakratuari alegia. Gaur egun, ordea, ipuina erran nahi du. Adibidez, Märchen dira Grimm anaienak.

Heldu den urtean, beraz, Märchen pare bat izanen dugu eztabaidagai, eta, magiaz-edo, hitzak izan dituen bi esanahiak, zaharra eta berria, sinonimo bihurtuko dira: (Aberriaren) istorio sakratua eta haurrendako ipuina.

Egia borobil zirriturik gabeetan sinesten ez dugunok, denbora pasa hoberik ezean, xarmanki pasatuko dugu Märchen horiek dekonstruitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.