Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Dirudienez, jendeak ez zion kasu handirik egin esaera zaharrari, eta orain horren ondorioak jasaten ari dira hemengo landareak. Urrutikoa, exotikoa eta polita zelakoan, asko ugaritu zen Euskal Herriko lorategietan Cortaderia selloana edo panpa lezka, baina inor ez zen ohartu usteldutako intxaurrak zirela, inguruan gehien zabalduta dagoen kanpoko landarea baita gaur egun.
Euskal Herriko kostaldean alarma piztu da; izan ere, sasoi honetan ugaritzen diren intxaurrak bezala ugaritzen ari da landare luzexka hori. Arazoa ez da etxekoa bakarrik, ordea. Kantauri itsasoko kostalde guztian arazo berberarekin baitabiltza.
Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak duela urte batzuk hasi ziren landare horren inguruko ikerketak egiten. 2006an egin zituzten azterketen arabera, Bizkaian 134 hektarea bereganatuta zeuzkan, eta Gipuzkoan, berriz, 140. Eta urteen poderioz, areagotu egin dira. Gainontzeko herrialdeetan ere agertu dira, Lapurdin, adibidez, eta Araban ere hasi dira neurriak hartzen.
Argentina, Txile, Uruguai eta Brasildik dator panpa lezka. Europara XIX. mendearen amaieran ekarri zuten. Errepide bazterretan jartzen zituzten, inguruko lurrari eusteko egokia zela iritzita. Orain, Euskal Herriko bazterrak konkistatzen ari da, eta landareak isurtzen dituen substantzia kimiko batzuek ez diete gainontzeko belar eta landareei hazten uzten. Landare bakoitzak milioi bat hazi izan ditzake eta haizearen eraginez 30 kilometroraino zabal daitezke. Errepide alboetako zelaietan asko ikusten dira; izan ere, autoek sortzen duten haizeak haziak asko lekualdatzen ditu. Gainera, asko mugitutako errepide bazterretakoak lurrak direnez, errazago hazten da landare inbaditzailea. Inoiz landu gabeko lurrak eta eguzkiak jotzen duen tokiak gustatzen zaizkio.
Kentzeko aholkuak
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak aholku batzuk ematen ditu landare horiek dituenentzat. «Ebaki eta errotik ateratzea» da landare horiekin egin daitekeen onena horiek kontrolatzeko. Ez dira inoiz erre behar.
Duela pare bat urte, Bizkaiko hiru eremutan zenbait probaegin ziren landarea desagertzeko erarik egokiena zein zen jakitearren. Azkenean, moztea eta herbizida erabiltzea erabaki zuten. Maiatza eta iraila bitartean da kanpoko landare horren kontra herbizida erabiltzeko garairik aproposena.
Donostiako inguruetan panpako landarea kentzeko lanetan ari dira hamar lagun. La Caixa fundazioak, Diputazioarekin eta Udalarekin elkarlanean, finantzatutako saioa da, eta urte amaiera arte ibiliko dira, gehien dagoen tokietan landare horiekmoztu, errotik atera eta botika botatzen. Amurrioko Udalak ere martxan jarri du espezie horren kontrako kanpaina.
Egindako kaltea konpontzeko, beharrezkoa da Euskal Herritik kanpo ere neurriak hartzea, hazi gehiago ez iristeko.
Errepide bazterretako inbasioa
'Cortaderia selloana' edo panpa lezka lorategiak apaintzeko ekarri zuten, baina haziak zabaldu egin dira, eta orain bazter guztietan dago, bertako espezieak arriskuan jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu