Gabon gauean zer hoberik, mahai bueltako elkarrizketa astun-amaigabeak jasan baino, telebista piztea. Are telebistak ematen badizu aukera eztarri zuloak garbitu eta ardotan bustitako orroak jaulkitzeko. Ez gara oraino kontziente Euskal kantuen gaua-k zer zerbitzu egiten dion jendarteari, ez jendartearen baitako subjektu bat eta bakoitzari —ETBkoak, bai, kontziente dira, eta arratsalde osoan nahiz aurtengo saioa bukatu ostean, aurreko urtetakoen errepikapenak eman zituzten—. Ez balitz existituko asmatu beharko genukeela, alegia.
Haiekin pixka bat sartu ondoren, gogoa neukan Athletic-Realeko jokalariak berriz kantuan ikusteko, ea euskal hotsen ahoskera zertxobait hobetu zuten Olentzeroren iragarkitik hona. Dezepzioa hartu nuen, ez baitzituzten ekarri platora; iragarkia berriz pasatzera mugatu ziren. Tira, behintzat ikasi nuen zelai erditik nola sartzen diren golak, egunerokoan oso baliagarri izango zaidan kontua. Baina dena ez zen izan desengainu. Gaua xanpainak baino gehiago alaitu zidan playback batek baino gehiagok. Adibidez, poztu nintzen asko feminismoaren bi adar historikoki kontrajarri eta are etsaitu nola elkartu ziren ikusita, nola eman zioten dimentsio ludikoa emakumeen eskubideen defentsari, Josebe Iturriotz eta Paloma Zorrilla elkarrekin kantuan jarrita. Halakoek laguntzen dute oraindik sinesten telebista publikoan.
Baina klimaxa artean iristear zela uste nuenean, gauak goia joko zuen une mendeetan ahantzezina gertatzear zela, izpiritu zutituena ere apaltzeko moduko interbentzioa gertatu zen: Antonio Basagoiti popularra, herrikoia, izan zezakeen izen on apurra papurtzen ikusi nuen. Imajinatzen ditut, halakorik balu, Basagoiti lagunen txantxak: «que bien has cantadoel aita se mea». Gizajoa. Martin Garitano eta Jose Luis Bilbao. Gemma Zabaleta, Blanca Urgell eta Idoia Mendia. Erridikulua partekatzeko aukera izan zuten behintzat.
Egun berean kantuan bakarrik jarri zuten beste bat izan zen Jon Karla Borboikoa. Seguru haren mezua denek ikusi zenutela. Hala ere, aitortuko dizuet: momenturen batean esperantza izan nuen Interneten azken egunotan bueltaka ibili den bideoa pasatuko zutela, Jon Karla, frantses moduko batean, bere aurreko estatuburua goratzen. Baina, ikusi da, berriz, menekoontzat ez dela existitzen justizia poetikoa.
Komunikazioa. Ekografiak
Erridikulua bere bakardadean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu