Ordua gaur izango da. Herriko plazan elkartuko gara, iluntzeko 20:00etan. Jendetza espero dut. Horretaz gain, hainbat telebista katetako kamerek zuzenean emango dute. Eta datorren astean, katerik kate, zapping saio guztiek minutu batzuk eskainiko dizkidatela espero dut. Plazaren erdian, etxeko logelan egon ohi den armairua jarri eta bertan sartuko naiz. Aurkezle ezagun batek tentsioa, jakin-mina sortu eta une egokian animoak emango dizkit armairutik ateratzeko. Era horretan aldarrikatuko dut, jendaurrean, mutilak dauzkadala gustuko. Eta bozgorailuetatik entzungo den I Will Survive kantu ezagunaren mezuak bultzatuta, dantza egingo dut nire bizkarra aurkezlearenarekin igurtziz. Lagunek, gertukoek, lankideek eta bertan bildutako guztiek txalo egingo didate. Eseri egingo gara, tonu seriora itzultzeko. Zein mutil motak kitzikatzen nauen azalduko dut, aldi berean, bikotekidea izan nahi dudala jakinaraziz. Etxean begira daudenek telefono zenbaki bat ikusiko dute pantailaren beheko aldean. Zuetako inork ezagutu nahi baldin banau, deitu lasai; deitu, mesedez. Altxatu, eta aurkezlea eta biok ibiltzen hasiko gara, lasai, bizkarrez. Elkartzekotan geratuz gero nora eramango nukeen galdetuko dit: pintxo batzuk jatera, zinemara pelikula on bat ikustera... Eta eskua ipurdian jarriko dit, atzo ez bezala. Askatasunez.
Erridikulua dirudi ezta? Erridikulua da. Erridikulua egiteari barregarri geratzea ere esaten zaio. Kasu honetan negargarria da, izatekotan. Ez baitut egingo. Tele5 kateko Sálvame saioan lan egiten duen Kiko Hernandez aurreratu egin baitzait, Jorge Javier Vazquez aurkezleak lagunduta. Atzo aipatzen nizuen norbere esku dagoela halakoei sinistea edo ez sinistea. Bost axola zait Kiko Hernandezi zer gustatzen zaion. Baina gizarte honek egindako akatsen erruz zama krudel hori batera eta bestera, ezinbestean, daramaten horiek ez didate bost axola. Beldurrez, eta lotsaz, eta triste, eta frustrazioz bizi diren horiekin dugun zorrak ez dit bost axola. Eta zorrak kitatzeko, bihotz eta jarrera irekiak behar dira. Ez gustu txarreko zirkuak. Ni ez naiz inoiz armairutik irten. Jakina, beste askori ez bezala, niri ez didate halakorik galdegin. Ez dakit nork eta zergatik asmatu zuen ahoz aho dabilen esapidea. Eta, gainera, egokiago ikusten dut armairurik izatekotan, aterik gabeko armairuak izatea. Badaezpada.
KOMUNIKAZIOA. Ekografiak
Erridikulua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu