Baserritar jantziak armairutik atera, eta jai giroan murgildu ziren atzo Errenteriako bizilagunak Erromeria Egunean. Herritarrek dantzetan parte hartzea helburu du jaiegunak, eta jende ugari batu zen egun osoan.
Taloak ahoa lehortuta, sagardo basoa gora eta behera mugituz ibili ziren Errenteriako herritarrak, txarangen inguruan gorputza mugitzen. 10:00etan eman zioten hasiera Erromeria Egunari, kaleetan giroa berotuz ibili zen dianarekin.
Behin giroan murgilduta, hamaiketakoa egiteko ordua iritsi zen, eta Esmalteria plazan izan zuten elkartu eta mokadua hartzeko aukera. Tripa bete eta indarberrituta, kalez kalekoari ekin zioten dantzari eta musikariek herriko kaleetatik.
Joaldunek ireki zuten bidea udaletxeraino, eta, haren aurrean buelta pare bat eman ostean, Zumardirako bidea zabaldu zieten Alkarkide txarangakoei, herriko emakumeek bikoteka atzetik jarraitzen zietela. Txarangaren doinuek markatutako dantzaldiarekin iritsi ziren Zumardiraino.
Zumardian, Alkarkide txarangakoak, trikitilariak, talogileak eta artisauak bildu ziren, dantzariak atsedenik gabe fandango eta arin-arinak dantzatzen zituzten bitartean.
Nesken sokadantza
Herriko neskek hartu zuten protagonismoa sokadantzaren ordua iritsi zenean. Zumardia jendez gainezka zegoen. Eguzkiak indartsu jotzen zuen plazan, eta ikusle nagusiak zuhaitzen gerizpean babesten ziren, beroak ez itotzeko ahaleginetan. Bitartean, gurasoek, eztarriak bustitzen zituzten haien alaben txanda noiz iritsiko zain. Haurrak plazaren alde batetik bestera zebiltzan, txarangaren doinuek harroturik.
Lau txistulari aurretik zihoazela sartu ziren hogei bat neska Zumardi erdialdera eskutik helduta. Plazan, pare bat bira egin ostean, nesken ilaran lehenengoa zihoanak, herritar guztien begiradak beregan zituela pare bat dantzaldi labur eskaini zituen.
Ondoren, neska bakoitza banan-banan plaza erdira hurbildu, eta dantza eskaini zion herriari. Herritarrek txalo zaparradez zoriondu zuten haietako bakoitza, dantza bukatu ostean.
Bukatutakoan, Esmalteria plazara abiatu ziren, bazkaltzera. Aurreko urteetan Galtzarabordako kiroldegian egin ohi zen bazkaria han egin baitzuten. Bi izan dira bazkaria lekuz aldatzeko arrazoiak: alde batetik, eguraldi txarra egingo zuen beldurrez, Esmalteria plaza aukeratu zuten, arkupeak daudela eta. Bestetik, askoz herrikoiagoa izango zela pentsatu zuten, plaza herri erdian baitago.
Eguraldiaren aldetik ez zuten zertaz kexatzerik izan. Goizean goizetik eguraldia paregabea izan baitzen, eta arkupeak ez zituzten erabili behar izan. Bestalde, herritik gertuago zegoela nabaritu zen, jende jarioa etengabea izan baitzen.
Eguneko ekitaldi jendetsuenetakoa arratsaldean izan zen, 18:00etan, Erromeria nagusiari ekin zioten Zumardian, Leku zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.
Bukatzeko, 19:00etan, Aiko taldearekin, musika eta dantza tradizionala ezagutarazteko sortu zen taldearekin, dantza egiteko aukera izan zuten Zumardian.
Erromeria Eguna, borobila
Eguraldi aparta izan dute errenteriarrek Erromeria Egunean. Dantza eta musika izan dira eguneko protagonista nagusiakIkusle asko bildu da laugarren urtez egin duten nesken sokadantza ikustera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu